22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Maribe Bengoetxea eta Petra Barrientos: Misinoari eskainitako bizitzak
13.07.2023

Maribe Bengoetxea eta Petra Barrientos: Misinoari eskainitako bizitzak

BIlboko Abandoko San Bizente Martiria parrokiako Hego Berria taldeak eta Mufungaren Adiskideak Fundazinoak deituta, Kongoko Errepublika Demokratikoan misiolari izandako batzuk, Misinoetarako ordezkaritzako kideak eta gure artean oporretan dagozan misiolari bi alkartu dira San Bizente parrokiaren 'Bengo leku' lokaletan.

 

 

misinoari eskainitako bizitzak

Saioaren hasieran, Kongoko Errepublika Demokratikoaren gaur egungo egoeraren ikuspuntu orokorra emon zan. Xabier Goikuria misiolari bizkaitarrarenn egitasmoak gogoratu ebezan, On Joseba Segura gotzainak, herrialde horretara egin dauan bidaiatik bueltan adierazo dauanez, “etorkizunean afrikarren esku” izango diran egitasmoak, hain zuzen. Kongoko E.D.ak gaur egun erabat hedatuta dagoan egundoko ustelkeria eta hondamendi politikoa be aitatu ebezan.

Maribe Bengoetxea Berrizko Mesedetako Misioilariak 58 urte daroaz jarraian, Katanga Garaia lurraldean dagoan Likasiko misinoan. Kongoarra ez dan monja bakarra da lau monjez eta lau hautagairen artean. Gaur egun, emakumearen heziketarako ikastaroa emoten dihardu, funtsean, “jantzigintza”. Bata dala, bestea dala, piper asko egiten dabe ikasleek, baina, dana dala, joan dan kurtsoan 15 ama senargabek amaitu eben kurtsoa. Komunidadeko gainerako ahiztek 40 irakasle baino gitxiago eta 1.000 ikasle baino gehiago dituan eskola zuzendu eta hango lanetan laguntzen dabe. Lehenengo hiru urte akademikoen ostean, mutikoen matrikula be onartzen dabe, baina euren helburu nagusia emakumea sustatzea da, hango gizarte haretan, heziketari dagokionez, emakumea baztertuta dago-eta. 

Petra Barrientos Karmeldar Misiolariak, erretiroa hartuta dagoanak, Bunkeyako ospitalean laguntzen dau. Urte askotan egin dau lan ospitale honetan emagin lez eta amaetxeko arduradun be izan da. Erreferentziazko ospitalea da, 110 ohe eta ebakuntza-gela bigaz, eta bertan lau sendagilek lan egiten dabe, tartean, zirujau eta ospitaleko zuzendari dan Nekane gipuzkoarrak. 

Bunkeyako komunidadeko hirugarren monja, Magda da, “foyer” (etxea) deitutakoaz arduratzen dana. Etxe horretan, 40 emakume (gaztetxoak edo amak) hartzen dabez, umetan egin izan ez ebezan ikasketak egiteko eta joskintzan aritzen dira poltsa etniko ederrak eginez, saldu eta aurrera egin ahal izateko.

Egunotan, ospitalean, iparramerikar sendagile bat buru dala, afrikar sendagileez osatutako taldeari itxaroten dagoz, honeek, zenbait egunez, askotariko ebakuntzak egingo dabez-eta etenbarik. Eta hori, ospitaleak dauan gaitasunari eta bertan dagoan taldeari esker egin daiteke. Udazkenean, beste talde bat iritsiko da helburu beragaz, kasu honetan, sendagile belgikarrak izango diralarik.

Imagen del encuentro misionero en "Bengoleku"