11-12-2024 Miércoles, II semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Udarako irakurgaiak
13.07.2023

Udarako irakurgaiak

Beste urte batez, udaldiagaz batera, Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak (ETPI) sasoi honetarako hainbat irakurgai aukeratu dau, honako honeen laguntzagaz: Fernando Allende, Galo Bilbao, Sebas Gartzia Trujillo eta Javier Oñate.

Hauxe da zerrenda:

AGUIRRE, Rafael, arg., De Jerusalén a Roma. La marginalidad del cristianismo en los orígenes. EVD, 2021.

Azterlan interesgarri honek, hasierako kristau taldeek, euren gizartean nagusi ziran balioetako askogaz bat ez etortean, “mundu honetakoa izan barik mundu honetan egoteak” ekarren tentsinoa zelan kudeatu eben erakusten dau. Azaltzen dana Mendebaldean gitxienen kontu bihurtzen ari dan kristautasunerako bide barriak arakatzeko lagungarri izan daiteke; iragan idealizatuaren nostalgia barik, Galileara itzuli Nazareteko Jesusen mezuaren balioak berreskuratzeko.

LOHFINK, Gerhard, Al final, ¿la nada? Sobre la resurrección y la vida eterna. Sal Terrae, Maliaño (Kantabria), 2023.

Hurbiltze mailakako, pedagogiko, sakon eta existentziala berbizkundearen kontuari kristau pentsamenduan. ‘Zelan hitz egin hizkera ulergarriz gaur egungo jenteari?’ galderari erantzuten deutso.

OVIEDO, Credibilidad de la propuesta cristiana. Sal Terrae, Maliaño (Kantabria), 2022.

Hauxe da abiapuntua: kristau fedearen esperientzia edonork bizi leiken esperientziarik sakon eta aberasgarrienetakoa dala sinistea. Sinisgarritasuna emon behar jako barriro be kristau proposamenari mezua kontuan hartuta, baina, aldi berean, dalako sinisteak oinarritzen dabezan bizimoduak, antolatzen dabezan erakundeak eta eurei lotutako balioak aztertu-suspertu be.

MATTEO, Armando, Convertir a Peter Pan. El destino de la fe en la sociedad de la eterna juventud. CPL, Bartzelona, 2022.

Gure pastoral planteamenduetan ohiko bideetatik joten dogu kontrastatutako eskemak kontuan hartuta. Beti da komenigarria beste ikuspunturen bat dauan norbaitek (politikoki ez hain zuzena) akatsak ikusarazo, burua zabaldu eta gauzak egiteko beste bideren bat emotea.

INOGES SANZ, Maria Cristina, Susurros de … San Pablo, Madril, 2020-2023.

Jesus bera , Maria, Judas eta Maria Magdalena protagonista dirala, lau hausnarketa jasoten dabezan lau liburu txiki. Hareei barriro bisita egiteko balio deuskue, heriotza eta berbizkundeari buruz, estutasun eta maitsunari buruz, itxarote eta itxaropenari buruz, poz eta nekaldiari buruz gogoeta egiteko.

SANZ ABAD, Jesus, koord., Salir mejores. Una hoja de ruta de emergencia. HOAC, Madril, 2022.

Covidaren aurreko eta osteko gure sasoiko hainbat eremu (krisi ekologikoa, heziketa, zaintzak…) aztertzen dauan eta, aldi berean, zerumuga itxaropentsuagorako argibideak emoten dituan HOAC mobimentuaren proposamen interesgarria

ORDINE, Nuccio, Los hombres no son islas. Los clásicos nos ayudan a vivir. Acantilado, Bartzelona, 2022.

Komunikazinoa eta Humanitateak sailean 2023ko Asturiaseko Printseza saria jaso barri dauan egileak humanitateen defentsa nabarmentzen dau barriro be gure kulturaren oinarri lez, pertsonen arteko ulermena eta errukia sustatzeko. Antologia honen idazkiek, izenak berak adierazten dauanez, senidetasuna, alkartasuna eta bihotzaren begiez begiratzen ikastea aldarrikatzen dabe.

HAN, Byung-Chul, Vida contemplativa. Taurus, Madril, 2022.

Filosofo hau kritiko agertzen da kapitalismoagaz eta ezartzen dituan balioakaz, norbanako bakartu eta azeleratuak, isiltasuna dastatzeko, izadia begiesteko eta gogoetarako gaitasuna bizteko geldialdia egiteko gauza ez diran norbanakoak sortzen dituan gizarte “nekatu” eta “hiperkomunikatuagaz”.

VILLOTA, Ignacio, Rescoldos de la vida. Beta argitalpenak, Bilbao, 2023.

Egilea Bilboko Eleizbarrutiaren bizitza eta historiako parte izan da eta da (deustoarra, abadea, historialaria, irakasle Irakasle Eskolan…). Oroitzapen honeetan bere hartu-emonak, giroa, gertaerak, bizileku izan dituen urien bilakaera… kontatzen ditu.

SALAVERRI, Mª Eugenia, Lejos de Cafarnaum. Algaida, Sevilla, 2022.

‘Kutxa Donostia uria 2022’ saria jaso dauan antzerki-lana, narrazino-erritmo biziz, intrigaz eta sorpresaz idatzitakoa. Funtsean, aita santuaren eta kargutik kendu gura daben kardinal ultrakontserbadoreen arteko lehia. Aita santuak bultzatutako emakume kazetarien taldea Mujeres, Iglesia, Mundo aldizkaria, Obssevatore Romano dalakoaren eranskina aurrera ataraten saiatzen dira. Aldizkari hori da, gainera, aitatutako lehiaren borroka baten agerleku.

ABAD FACIOLINCE, Hector, Salvo mi corazón todo está bien. Alfaguara, Madril, 2022.

Abade bihozbera eta baikorraren, zinea eta musika oso gustuko dituan eta bere burua besteen alde eskaintzen dauan abadearen istorioa da (beenetan izan zan abadearen istorioan oinarrituta). Bihotzeko gaixotasunaz eta transplantearen zain, familiaren etxe batera joaten da bizitzera eta han bere sinisteetako batzuk hausnartu egiten ditu. Aldi berean, kolonbiar Eleizaren historiaren txatalak agertzen dira. Eta guztia, prosa zaindu, ulergarri eta erakargarriaz idatzita.

CALABRESI, Gemma, La grieta y la luz. Un camino de perdón. Encuentro, Madril, 2023.

Bere senarra hil ebenean, egilea guztiz atsekabetuta geratu zan. Lekukotsun zintzo eta hunkigarria da eta, hasierako iluntasunaren ostean, inguruaren laguntasuna eta Jainkoaren sostengua sentitzen hasi zala kontatzen dau. Naturaltasunez, ikuspuntu zabalaz eta bihotz-zabaltasunez, bost seme-alabak gorroto barik hazteko eta, apurka-apurka, parkamenaren ideia eta sentimentura zabaltzen joateko gauza izan zan.

MORENO, Estrella eta Javier OÑATE, Fedearen transmisioa. Krisia eta saiakerak. IDTP, Bilbao, 2022.

Adinekoei dagokigu jaso dugun fede-tradizioa belaunaldi berrien esku jartzea eta ildo horretarako bide egoki eta gaurkotuak iradokitzea ere. Liburu honetan erronka horri erantzuten ahalegindu gara modu erraz eta pedagogikoan. Proposatzen diren bideak bai pertsonalki, bai lan-taldeetan lantzekoak dira.

GONZÁLEZ-CARVAJAL, Luis, XXI mendeko kristauak. Hirugarren milurtekoaren aurreko pastoral galderak eta erronkak, IDTP, Bilbao, 2022.

Aldien ezaugarriak arretaz azaltzeko Kontzilioaren deiari jarraituz, Luis González-Carvajalek sinboloz beterik dagoen 2000. urteko data hori erabili nahi izan du bizi garen munduaren egoerari buruz hausnartzeko. Gizarte eta Elizaren barruan sortzen diren galderak eta erronkak erantzuten saiatzen da. Liburua –Juan Bizente Gallastegik maisuki itzulita– baliagarria da bai banakako hausnarketarako, baita talde ikasketarako ere.

ZALDUA, Iban, Ipuina engainua da. Elkar, Donostia, 2022.

Ipuin liburu bat da. Entretenigarria eta ondo idatzia. Zalduaren literaturgintzak baditu ezaugarri oso markatuak: urbanoa da, modernoa, ironikoa, parodikoa, gure gizartean guztiz zentratua. Istorio edo pasadizoak pertsona arruntenak izaten dira. Euskara batu estandarra darabil, maisutasun handiz.

IGERABIDE, Juan Kruz, Ur saltoka. Natura eta kultura jolasean. Alberdania, Irún, 2023.

Liburuaren kontrazaletik: “Egileak badu naturarekiko joera bat, jaidura bat eta aldi berean izan dena jolasleku, bizigarri, egunerokorako ikasgai… Liburuak naturaren bizipenaren oihartzun askotarikoak dakartza… Gogoetatsuak, jolasak, kronika edo albisteak. Guztietan aurkituko dituzu, ordea, bizileku, amestoki eta atsedengune dugun naturarekiko hitzarmenari buruzko jakingarriak. Hitza naturarako zubi”. Euskara ederrean idatzitako liburua.

Imagen: Ata Ebem