“”Domeka zan nire senarra hil ebenean -gogoratzen dau Mª Carmenek-, 2000eko ekainaren 4a. Gertatutakoaz jabetzen zaran arte, denpora pasatzen da benetan gertatu dala esateko, nik askotan esan behar izan neutsalako neure buruari ‘Jesus Mari, ez zagoz hemen’, amesgaiztoa emoten eban-eta. Harrezkero, deitu egin deuste eta beti baietz esan dot, hori da egia. Asko kostatu jat, hasieran oso lotsatia nintzalako. Sekula ez neban pentsatu holan, jentaurrean, berba egiteko gauza izango nintzanik, baina barruan laguntza eskatzen neban, beti eskatu dot. Laguntza eskatu deutsat Jainkoari zoritxarreko egun haretatik aurrera bizi behar izan dodan prozesu honetarako”.
Mª Carmen Hernandezek adierazo dauanez, indarra atara dau eskatutako lekuetan egoteko. “Berbaldiak emon dodaz eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako egitasmo baten be izan nintzan. Biktimagile desbardinek eragindako biktimak batu nahi izan ebezan, nireak eta besteak edo gureak eta besteak eskemak apurtzeko, zentzunbako banaketa da-eta, azken baten danok galdu dogulako senide edo lagun kutun bat eta sufrimentua bardina dalako danontzat. Egitasmo haren bidez gizartea konprometitu gura zan, autokritika egitera bultzatu eta danon artean bizikidetzarako bideak aurkitu. Adi-adian Eusko Jaurlaritzaren beste egitasmo baten be parte hartu dot”.