12-11-2024 Martes, XXXII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Martxoko aldizkarian, oroipena Uriarteri eta omenaldia 8 emakumeri
01.03.2024

Martxoko aldizkarian, oroipena Uriarteri eta omenaldia 8 emakumeri

Alkarren Barri aldizkariaren martxoko alean, 301.ean, Eleizbarrutiko askotariko barriak jasoten dira. Azalean, Bake Topaketako irudia ikusi daiteke: hainbat lagun Ziortzako monasteriora daroan kurutze-bidea egiten. Aste Santuaren aurreko Garizuma-aldia dakarsku gogora. Barrualdean, gotzainak Hausterre Eguneko ospakizunean egin eban homiliaren zati batzuk jasoten dira hasieran. Nabarmentzekoak dira On Joan Mari Uriarte Donostiako gotzain erretiratuaren heriotzaren inguruko adierazpenak. Erdiko txostenean, martxoaren 8an Eleizbarrutiaren autorpena jasoko daben 8 emakumeren gizarte eta eleiz jardueraren ingurukoak jado dira. Ipar-Hegoaldea ikastaroan parte hartzen diharduen gazte biren lekukotasunek eta Eleizbarrutiko beste hainbat barrik osotzen dabe hileroko agerkaria.

Alkarte abegitsu eta barneratzaileak eratzeari begira euren ekarpena egiten daben 8 emakumek Eleizbarrutiaren autorpena jasoko dabe martxoaren 8an, eguergiko 12:30etan Indautxuko Karmeneko Ama parrokiako areto nagusian ospatuko dan ekitaldian. Alkarren Barri, aldizkariaren martxoko alean, erdialdeko orrietan, ekitaldi honen ingurukoak irakurri daitekez.

Ohiko sailei dagokienez, Jaime Lopez Eguilaz liburutegiko arduradunak antxinako diapositiben inguruan jarduten dau.

Jesus Llarenak Pazko Hirurrenaren ingurukoak azaldu ditu Liturgiari eskainitako atalean. Bizkaiko Eleizaren ondareari buruzkoak be jasoten dira, kasu honetan, lurraldean dagozan areto-eleizen inguruan, Galdakaoko Andra Mari eleiza ezagutzeko aukera emonez.

Hainbat eduki

Gainera, lurraldeetako jardueren barri emoten da eta baita Eleizbarrutiko lekaime eta lekaideena be. Presbyterium dalako sailean, ministerio ordenatuaren inguruko jarduera eta gogoetak jasoten dira. Guzti hau eta beste hainbat gauza etxean 16 euroren truke jaso leiken eta gaur euskarri digitalean kaleratu dan hileroko agerkarian.

Harpidetzak: hemen

Alkarren Barri

Hilero Eleizbarrutiko barri nagusiak jasoten dituan aldizkariaren 300. alea argitaratu zan joan dan otsailean. Zuri-baltzez kaleratu zan lehenengo aldiz, ‘Comunicación-Jakinarazpena’ deituragaz. Hirugarren alean hasi ziran eliztar euskaldunentzat ulergarriagoa zan ‘Alkarren Barri’ erabilten.