«Alkartuta», goiburua aukeratu da egun horretarako, “batera joateko” asmoa berretsiz. Hain zuzen be, Eleizak azken urteotan bultzatzen diharduan sinodo-prozesuari lotutako ideia da.
Durangoko basilika izango da topagune nagusia eta bertan egingo dira harrera, hasierako otoitza eta goizeko jarduerei amaiera emongo deutsen ekitaldia. Harrera eta otoitzaldiaren ostean, paraideak, hainbat taldetan banatuta, herriko leku desbardinetara joango dira gazteek ekitaldi honetarako prestatutako tailer eta proposamenetan parte hartzeko.
Alkartzeko, kurtso hasiera alkarregaz bizitzeko eta alkarregaz bide egiteko deiari erantzuteko pentsatutako egun honen haritik eta parte-hartzea sustatzeko drone bidez grabatutako bideoari esker, basilikari emon jako protagonismo osoa.
Gotzainaren berbak
Tenpluan goizeko ekitaldiei amaiera emongo deutsen jardueran, On Joseba Segura Bilboko gotzainak jardungo dau, pastoral kurtso barrirako erronka nagusiak aurkeztuz.

‘Goazen 2026’ ekitaldian, beraz, eleizbarrutiko askotariko talde eta erakundeetako kideak batzeaz gainera, batera jarriko da orain arteko ibilbidea, hurrengo urratsak aurkeztuko dira eta dei egingo jake eleizbarrutiko alkarte eta errealitatei batera aurrera egin dagien.
700 lagun bazkarian
Izena emoteko epea itxita, 700 lagun batuko da San Antonio ikastetxean egingo dan bazkarian marmitakoa jateko.
Aurtengo ekitaldian, gazte-jenteak be parte hartu dau ekitaldiaren prestaketan.
Alkartu eta ospatu
Goizeko 10:00etan helduko dira autobusak eta basilikan harrera egingo da. 10:30etan, Taize otoitzaldia izango da. 11:00etan hasiko dira tailerrak Durangoko leku esanguratsuetan: San Frantzisko monaterioa, Santa Ana eleiza, Zugaza zinema eta jesuiten ikastetxe-eleiza.
Ordu batean, partaide guztiak basilikara itzuliko dira azken ekitaldian parte hartzeko. Bilboko gotzainak jardungo dau eta oraindik ezagutzera emon ez dan ‘ezustekoren’ bat egongo da.
Bazkaria 14:00etan izango da eta 15:00etan erromeria egingo dabe.16:30etan ekitaldia amaitu eta autobusak atarako dira.
Goazen 2026 jarduerak biharamunean -irailak 27, domeka- izango dau jarraipena eta «Alkartuta» sena Bizkaia osoko parrokia eta alkarteetara hedatuko da. Egun horretan, Caritas Bizkaia erakundearen kanpaina egingo da.
Basilika beste ikuspuntu batetik
Ekitaldi honetarako beren-beregi grabatu diran irudiek Durangoko basilika beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera emoten dabe. Drone bidez, tenplua eta ingurua aurkezten dira.







