22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Kultura 5 Musika klasikoa Gizakunde eleizan
10.08.2024

Musika klasikoa Gizakunde eleizan

Bilboko udalak Aste Nagusirako egitaraua ezagutzera emon eta banatu dau euskarri digitalean eta paper-euskarrian. Aitatutako egitarau hori www.bilbao.eus udalaren webean kontsultatu edo jatsi daiteke euskarri digitalean. Gizakunde eleizan musika klasikoko zortzi kontzertu ospatuko dira, mundu osoko bakarlari, abesbatza eta orkestrak jardungo dabelarik arratsaldero, abuztuaren 17tik 24ra, 20:30etatik aurrera. 

Atxurin dagoan fraile domingotarren Gizakunde eleizan musika klasikoko kontzertuak ospatuko dira aurton be Aste Nagusian.

Egitarau ofizialeanjasoten dan lez. Holberg String Quintet eta Vicente Olmos izango dira protagonista lehenengo kontzertuan.

Holberg String Quintet boskotea. Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS) eta ARTEUS ganbara-orkestraren barruan dagoan mihiztadurak eta Vicente Olmos BOSeko tronpeta-jotzaile eta bakarlari bikainak emongo deutse hasiera Aste Nagusiko musika klasikoko aurtengo jaialdiari. Abuztuaren 17an, zapatuz, jardungo dabe eta kontzertuari hasiera emoteko Edvuar Griegek Holberg baroi ilustratuari -boskoteak bere izena dau- eskaini eutsan suitea interpretatuko dabe, Tchaikovsky eta Mozarten piezak tartekatuz. Ekitaldiari amaiera emoteko, “Traviata” eta “Carmen” operen fantasiak interpretatuko dabez, lehenengo aldiz tronpeta, hari-instrumentuen boskoteagaz formatuan.

Holberg String Quintet
Holberg String Quintet

Abuztuaren 18an, comekaz, Soinuak Haizean bilbotar taldeak, hiru dantzariren laguntzagaz, ikuskizun barria eskainiko dabe: “Itsasoa laino dago”. Arte eszenikoko hainbat trebetasun batuko dabe: ohiko dantza eta garaikidea, musika zuzenean hari-instrumentuen laukoterako eta antzerkia. Gainera, hainbat artxibotatik berreskuratutako bideoak jarriko dabez, gure portuetako XX. gizaldiaren hasierako bizitzaren irudiakaz. 

Naroa Intxausti soprano eta Arkaitz Mendoza piano-jole euskaldunen eskutik be musika klasikoa entzu ahal izango da astelehenez, abuztuak 19. Kolorez betetako emonaldia izango da eurena eta lied alemana, frantses melodia, opera eta zarzuela ikutuko dabez musikagile honeen piezakaz: Franz Schubert, Reynaldo Hahn, Charles Gounod edo Frederic Chopin.

Abuztuaren 20an, martizenez, Carbone Tango Ensemble Cuarteto nazinoarteko bakarlarien argentinar taldearen txanda izango da. Biolin-, bandoleon-, piano- eta kontrabaxu-soinuek gozatuko dabez bertaratutakoen belarriak. Fabian Carboneren zuzendaritzapean, musika landua eta herrikoia buztartuko dabez berariazko estiloagaz. 

Abuztuaren 21ean, eguaztenez, Josu Solaun piano-jolearen eta Conrado Moya marinba-jolearen emonaldia izango da. Bacchanalia ganbara-egitasmo barria aurkeztuko dabe. Bachen musika musika-tresna bi horreetara egokitu dare. Gainera, Jose Luis Grecoren “Las Ninfas de Nisa” eta Lorenzo Palomoren “El Jardin de Baco” lanen estreinaldi absolutua izango da. 

Biharamunean, abuztuak 22, eguena, Medinukai Ensemble dalakoak jardungo dau. Talde hau Musikenen (Musikaren Euskal Herriko Goi Zentroa) sortu zan Alvaro Prietoren tutoretzapean. XX. gizaldiko askotariko eta ezohiko errepertorioa arakatzea da euren helburua eta aukera honetan, Leoš Janáček, Charles Lefebvre eta Jean Françaix musikagileen piezez osotutako musika-emonaldi bakar eta anitza eskainiko dabe.

Abuztuaren 23an, barikuz, Ensemble Musicantes taldeak “Los colores del mediveo” proposamena aurkeztuko dabe. XIII. gizaldiko Behe Erdi Aroko europar musika monodikoko eta XIV. gizaldiko polifoniaren hasierako piezak eskainiko dabez, hainzuzen be, Frantzia, Espainia, Britania Hadia eta Italiako musikak. Gizakunde elizan eskainiko daben kontzertuan, Ensemble Musicantes taldeak sasoi horreetan erabilten ebezan musika-tresnak -arrana, erdi aroko lautea edo giterna, besteak beste- berreskuratu eta ezagutzera emondo dabez. 

Azkenik, Naiara De La Puente gasteiztar soinujoleak emongo deutso musika klasikoko jaialdiari abuztuaren 24an, zapatuz. Estatuan zein kanpoan ibilbide arrakastatsua dauan soinujoleak emonaldi fresko eta bizia eskainiko dau eta bertaratu daiten orok “Colores sonoros de ayer y hoy” emonaldiagaz harritzeko eta gozatzeko aukera izango dau.