Udaldiko kutsua dabe aste honetan nabarmendu izan diran eta Astekoak sailean laburtuta jasoten diran barriek: kanpamentuak, topaketak, udarako eskaintzak…
Hainbat erakundek proposatuta, han eta hemen ospatzen diharduen kanpamentu eta kolonien ingurukoak aitatuz hasten da aste honetako ‘Astekoak’ be.
Antonio Madinabeitia
Astean, besteak beste, laster Gasteizko abade-etxe batera bizitzea doan Antonio Madinabeitiari Urkiolan egin deutsen agurraren barri emon da.
Esker on eta maitasuna adierazo eutsezan, aldi bitan, 1963tik 1986ra eta 1996tik 2011ra Ekuadorren misiolari izan zan Madinabeitiari.
Topaketa Kongoko EDan misiolari izandakoakaz
BIlboko Abandoko San Bizente Martiria parrokiako Hego Berria taldeak eta Mufungaren Adiskideak Fundazinoak deituta, Kongoko Errepublika Demokratikoan misiolari izandako batzuk, Misinoetarako ordezkaritzako kideak eta gure artean oporretan dagozan misiolari bi alkartu dira San Bizente parrokiaren ‘Bengo leku’ lokaletan.
San Kristobal
San Kristobal egunaren ingurukoak be jaso dira webean, izan be, gidariaren zaindariaren egunez, meza ospatu zan Eleizbarrutian altuera handienean kokatuta dagoan ermitan, hain zuzen be, Oiz mendiaren gailurretik metro gitxira eta Munitibarren lurretan dagoan ermitan.
Erdi aroaren osteko eraikina da eta eleiz jabetza, Gerrikaitzena da. Antxina, maiatzaren 9an, San Gregorio egunez, ospatzen zan meza Oizen. Egun horretan, Ibarruriko parrokiatik ermitara igoten ziran erreguteak egiten.
Argitalpenak eta udarako irakurgaien proposamena
Beste alde batetik, webean jakitera emon danez, “Presbyterium” aldizkariaren ale barria kaleratu da, hain zuzen be, 35.a. Agerkari honek Ministerio Ordenaturako Eleizbarrutiko Idazkaritzak 2022-2023 kurtsoan garatu dituan jardueren eta datozan hilabeteetarako data nabarmenak jasoten dira.
`Jainkoaren Herriaren Otoitza´ goiburuaren haritik argitaratu diran lagungarrien ingurukoak be nabarmendu dira webean. Ohiko liturgia egutegirako otoitzez gainera, Bilboko Eleizbarrutiko santurik esanguratsuenen egunetako otoitzak jasoten dira.
Eta udaldiaren hasieran ohikoa danez, Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak (ETPI), Fernando Allende, Galo Bilbao, Sebas Gartzia Trujillo eta Javier Oñateren laguntzagaz, irakurgaien zerrenda proposatu dau..
Musika
Era berean, bizkeliza.org webean jakitera emon danez, “Urdaibaiko Organoak–Joxe Mari Eguileor” musika-jaialdia, martxan jarri da Busturialdea-Urdaibai eskualdeko “Urremendi” Landa-eremuaren Garapenerako Alkartearen eskutik.
Mundakako Andra Mari eleizan ospatu zan lehenengo kontzertua. Pavao Mašićek (organoa) jardun eban eta, beragaz batera, Idoia Anzorandia, Aitor Etxebarriazarraga eta Ibai Amillategi bertsolariek.
Lekeitioko basilikan ospatu izan dan musika-emonaldiaren barri be emon da webean. Bertan, orfeón durangués deitutakoak jardun eban, askotariko estiloetako musika interpretatuz, Fernando Urain Oñederrak zuzenduta eta Maite Molinak (pianoa) eta Andres Tejok (baxua) lagunduta.
Garu, Karmeneko Amaren egunez, Eleizbarrutiko hainbat lekutan izango diran ekitaldien ingurukoak be aitatu dira webean.
Hauxe da Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak