20-05-2026 Miércoles, VII semana - pascua
19.05.2026

Otoitzaldia Begoñan Aita Santuaren etorrera prestatzeko

Bilboko eleizbarrutiak otoitzaldi batez hasiera emongo deutse Leon Aita Santuari Bizkaian ondoetorria egiteko ekitaldiei. Begoñan da hitzordua, zapatuz, 20:00etan. Otoitzaldiak 21:15ak arte iraungo dau eta orrialde honetako Youtube kanaletik jarraitu ahal izango da.  

 

Maiatzaren 23an, Amatxuren etxean egingo dan eleizkizuna, otoitzaldia izango da eta zati bi izango ditu. Lehenengoan, fededunek euren fedezko lekukotasunak emongo dabez. Bigarrenean, Altxatu begirada Aita Santuaren bisitaldiaren goiburuan oinarrituta, dei egingo jake bertaratutakoei euren begirada lau errealitatetara altxatu dagien: Mariarengana, Kurutzera, Eukaristiara eta Aita Santuarengana. Testuinguru honetan, otoitzaldiak sen sinboliko sakona izango dau.

Honako honegaz batera, eleizbarrutiak Madrilerako bidaia be antolatu dau, bizkaitar gazteei ekainaren 6an Aita Santua buru dala ospatuko dan otoitzaldian parte hartzeko aukera emonez. 


Lehendakariaren mezua kristau alkarteari

Leon XIV.a aita santuak esandako berbek be biztu dabe gertaera honen inguruko interesa. Imanol Pradales Lehendakariak Euskal Herriko kristau alkarteei zuzendu deutsen gutun irekian jasotzen danez, Aita Santuak ezagutzen dau Bizkaia aurretik hona egin dituan bisitetatik eta lotura berezia dauka gure lurraldeagaz.


Euskadira etortzeko gonbitea

Lehendakariak Euskadira etortzeko gonbidapen ofiziala egin eutson Aita Santuari, datozan egunetan egingo dauan bidaian ezin izan dabe-eta Euskadi bisitaldian sartu.

Eskeintza honen harira, Bilboko gotzainak Radio Euskadin eskeini barri dauan alkarrizketan adierazo dauanez, gatxa izango da Aita Santua dagorren urtean Gernikara etortzea, eskari asko izanda, orekaz erantzuten saiatu behar dagualako. 

Otoitz-katea: BIlbao, maiatzak 31

Aita Santuaren bisitaldirako prestaketa espirituala bera buru dala izango diran jardueretatik harago doa. Familia eta Bizirako Espainiako Gotzainen Batzarrak otoitz-katea antolatu da eleizbarrutiz eleizbarruti egiteko. Mapa interaktiboaren bidez jakingo dabe familiek ze egun izendatu jakon eleizbarruti bakotxari eta zein lekutan egingo dan otoitzaldi hori. Lagungarriak be prestatu dira, jatsi eta etxean zein alkartean erabiltzeko. 

Bilboko eleizbarrutiaren txanda maiatzaren 31an da. Aparteko aukera izango da eleizbarruti lez alkartu eta aita santuaren etorrerarako prestaketa espirituala egiteko. 

Eleizbarrutitik dei egin jake familiei web orrialde honetan bertan eskuragarri izango diran lagungarriak erabili dagiezan. “Para rezar en familia / Familian otoitz egiteko”.