22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Kultura 5 Pareten margolan bateko aingeruek bizia hartuko dabe ‘Gau zurian’
14.06.2024

Pareten margolan bateko aingeruek bizia hartuko dabe ‘Gau zurian’

Gaur eta bihar, Bilbao Uribilduaren Sorreraren 724. urteurrena ospatuko da uriburuko hainbat lekutan ospatuko diran arte-ekitaldiakaz. Eleiz Museoak Luis Paret eta Alcazarrena dan "Santa Luziaren martiritza" margolanaren bidez parte hartuko dau 'Gau zurian'. Bideo-mapping deitutako ikuskizunaren -irudien proiekzinoak soinuaz lagunduta- bidez, margolaneko aingeru biek bizia hartuko dabe eta hegan joango dira klaustroraino. Proiekzinoa egun bietean egingo da, 19:30etatik 00:30etara.

Luis Paret eta Alcazarrek 1784an margotu eban eta, Museora eroan aurretik, mende bi inguru Larrabetzuko Andra Mariaren Zeruratzea eleizan egon zan margolana izango da ‘Gau zuriko’ protagonistetako bat.

Gaur eta bihar, ‘Gau zuria’ ospatzeko, hainbat kultur eremu zabalduko da aldi berean eta uriko ohiko paisaiako lekuek -eleizak, plazak, parkeak, kaiak eta zubiak- apainketa barria agertuko dabe.

Ekitaldi honetan, argi eta musikako ikuskizunak egingo dira barriro be eta horreetako bat Eleiz Museoan izango da. “Santa Luziaren martiritza” 1779tik gitxienez 1787ra arte Bilbon bizi izan zan madrildar margolariaren margolanik garrantzitsuenetakoa. Denporaldi horretan, margotzeaz gainera, altzariak, erretaulak eta iturriak diseinatu ebazan, leku publikoak eta pribatuak apaindu…

Pareten margolaneko aingeru biek bizia hartuko dabe eta klaustroraino joango dira, urmael txiki bat eta igebelarrak dagozan lekura.

Eleiz Museoko klaustroa

Ikuskizuna Gizakundea eleizan

“Nenufarra” ikuskizunaz gainera, argi-soinuko beste bat ikusi ahal izango da Gizakundea eleizan -Eleiz Museoaren ondoan-. “Linbo 3” deitzen da aitatutako ikuskizuna eta etenbako eraldaketan dan labirintoa aurkezten da. Antolatzaileek eremu hori nork bere nahierara zeharkatu daiala dinoe, ibilaldian eszenak ikusteko eta giro iradokitzaile eta aldakorrean galtzeko. Gau eta biharko programatutako ikuskizun gehienen antzera, iluntze-gauez izango da (19:30 – 00:30).

Gizakundea eleizaren barrualdea Eleizbarrutiko ekitaldi baterako argiztatuta

Bilboko soinuak katedraleko eleizpean

“Gau zurian”, abesbatzek eta talde instrumentalek jardungo dabe Santiago katedraleko eleizpean. Gaur, 20:00etan, Bilboko eskusoinuen orkestraren emonaldia izango da eta 21:00etan, “Garaizarko Matsorriak” abesbatzak abestuko dau.

Bihar -ekainaren 15a, zapatua-, Bilboko Koral Alkartearen txanda izango da, 20:00etan eta San Anton abesbatzarena, 21:00etan.

Egitaraua osorik: hemen

El cuadro de Santa Lucía, de Luis Paret en el Museo de Arte Sacro