Plaka bi jarri dabez “Parque Josetxu Canibe Parkea” idazkunagaz Arabella auzoko Remar eta Sarrikue etxe-multzoen ondoan dagoan parkean.
Orain dala hilabete batzuk, sinadurak batzen hasi ziran, udaletxean proposamena aurkezteko. Udalbatzak proposamena onartu egin eban, “Ekuadorren garapenerako egitasmoetan zein inguru honetako auzotarren alde agertutako konpromiso pertsonal, etiko eta soziala autortzeko”. Arrazoi beragaitik emon eutsan 2008an Ipar-Hegoaldea saria.
Josetxu, 1963an joan zan misiolari Ekuadorera eta Venezuelan be egon zan (1969). Hirurogeta hamarreko hamarkadan bueltatu zanean, Bilboko eleizbarrutian txertatu zan.
Sasoi haretan, Atxetako Andra Mari parrokian aritu zan pastoralgintzan. Lan asko egin eban han, aurrerantzean bere izena izango dauan parkearen inguruko auzoetan, gizarte eta kultur jarduera sustatuz eta hazten joian inguruko urigintzan hobekuntzak eginez.