Aurreko kurtsoan eratu zan Pastoral Barrutiko (PB) Erreferentzia Taldeetako laguntzaileen mahaiaren, orain arteko ibilbide laburraren eta dagokiezan egitekoen aurkezpenak emon eutson hasiera saioari. Hori egitaz batera, taldeak aurkeztu ziran banan-banan: osaketa, laguntzaileak, ibilbidea, e.a.
Eguneko lan nagusia askotariko taldeetako lagunez osatutako talde txikietan egin zan, euren gaur egungo egoera batera jarriz. Besteak beste, egunez egun aurkitzen dabezan beharrizan eta zailtasunez jardun eben eta Pastoral Barrutian zein Bikaritzan dabezan hartu-emonak be aztertu ziran.
Bateratze-lana egin ondoren, honako kontuak agertu ziran: Laguntzaileak izatea eta honeentzako heziketa ezinbesteko dirala. Jakin-mina taldeen eguneroko bizitzarako dagozan lagungarriak ezagutzeko eta batera jarteko. Garrantzitsua dala taldeak alkartzea bakotxak bizi dauan egoera ezagutzeko. Pozgarria dala alkartzea, alkarregaz otoitz egitea, baita Bikaritzako beste talde batzukaz be eta behar-beharrezkoa dala alkartean gehiago parte hartzea.
Jesusen antzaldaketari buruzko idazkiaren haritik ospatu eben saioa.
Fonsecak azaldu dauanez, “amaieran, hasieran gertatu zan lez, barreak, besarkadak eta solasaldiak nagusitu ziran, alkarregaz kopau bat hartu eta bertaratutako hainbatek prestatutako jaki gozoez gozatuz. Alkarregaz bide egiten eta, alkarri lagunduz eta gauzak batera jarriz, Jesusen ondoan hazten jarraitzeko asmoari eutsiz”.