04-12-2024 Miércoles, I semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Rakel Mateo triatoilari paralinpikoa eta Aitor Alapont enpresaria, 2024ko ‘Gazte Role Model’
04.12.2024

Rakel Mateo triatoilari paralinpikoa eta Aitor Alapont enpresaria, 2024ko ‘Gazte Role Model’

Gaur arratsaldez, "Gazte Role Model" sariak banatuko dira Begoñazpi ikastolan. Sarien XV. ekitaldian, Rakel Mateo bizkaitar triatloilariak eta Aitor Alapont enpresariak jasoko dabez autorpenak. Lehenengoa, hamargarren postuan geratu zan Parisen ospatu diran olinpiadetako paratriatloian eta bigarrenak P4Q bizkaitar multinazionala fundatu dau beste batzukaz batera. Euskadiko heziketa-arloari lotutako sari hnen bitartez saritu bieh gizarte konpromisoa eta jardun profesionala autortzen da, ahalegin eta hobetzearen eredu lez aurkeztuz ikastetxeko ikasleei. 

Gaur banatuko dira sariak Begoñazpi ikastolan, On Joseba Segura Bilboko gotzaina buru dala ospatuko dan ekitaldian. Bertan izango dira, besteak beste, Ainara Basurko Ekonomia-sustapenerako foru diputatua eta Lucia Torrealdai Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza-sailburuordea. 

Rakel Mateori “gizarte konpromisoaren” arloan egingo jako autorpena eta Aitor Alaponti “ekintzailetzaren” arloan. 

Rakel Mateo

Epaimahaiak Rakel Mateo Uriarte (Mungia, 1975) triatleta paralinpikoaren dedikazioa, ahalegina eta etengabeko gainditzea azpimarratu dauz, konpromiso, erantzukizun eta lanaren eredu. Mateok paralisia izan eban ezkerreko hankan 2001ean izandako istripu baten ondorioz. 100 kiloko pieza bat erori jakon hankan supermerkatu batean lanean ari zala. Horren ondorioz, lesio neuropatikoak geratu jakozan. Dioenez, hortik aurrera, minagaz egunero bizitzen ikasi behar izan eban. Horri guztiari anorexia-aldi bat gehitu behar jako, eta hori be gainditu eban.

Apurka-apurka, nazioarteko txapelketetan lehiatzen eta dominak irabazten hasi zan, 2016an Rio de Janeiron Udako Paralinpiar Jokoetan lehen aldiz parte hartu eban arte. Ondoren, Tokio 2020an eta Paris 2024an, hamargarren postua lortuz

Epaimahaiak, beraz, zoritxarraren aurrean dauan kemena, adorea eta indarra, etengabe gainditzeko dauan gaitasuna, bizitzarekiko dauan gogoa eta grina nabarmentzen deutsoz Mateori, eta, horregaitik, gaur egungo gazteentzat eredu bikaina dala uste dau.

Aitor Alapont

Aitor Alapont, Alonsotegin egoitza dauan P4Q bizkaitar multinazionalaren fundatzaile eta CEOaren kasuan, epaimahaiak ingurunearekiko eta pertsonekiko konpromisoa, balore humanistak, dedikazio eta jardun profesionala azpimarratu dauz.

Hain zuzen be, berak zuzentzen dauan enpresa, P4Q, elektronika arloko multinazionala da eta Euskadin, Estatu Batuetan eta Txinan ditu instalazinoak, non 400 lagun inguruk lan egiten daben, 90 milioi euroko fakturazioagaz. Enpresak 25. urteurrena ospatu dau aurten, eta langileekiko lan-harremanagaitik nabarmentzen da, lanean autokudeatzeko ahalik eta askatasun handiena ematen baiteutse.

Hori dala-eta, epaimahaiak enpresariak kalitatezko enpleguarekiko dauan konpromisoa eta bere inguruko pertsonen garapen profesionala sustatzeko dauan gaitasuna azpimarratu dauz. Gainera, bere inguruko ekonomiaren dinamizazioa, aniztasunarekiko erantzukizuna, ekitatea, inklusioa eta jasangarritasuna nabarmendu dauz konpainiaren funtsezko balio lez.

Guzti horregaitik, Gazte Role Model Sarien hamabosgarren ekitaldi honetan, saritu bien lan profesional eta humanitarioa autortuko dira eta, Merkat Bernaola ikastetxeko zuzenariak azaldu dauanez, “barrikuntzan, giza harremanetan, lana norbere buruaren garapen profesionalaren iturri lez eta pertsona behartsuenekiko alkartasunean gazteek jarraitu beharreko eredu lez” agertuz.

‘Gazte Role Model Saria 2024’ XV. ekitaldiko epaimahaia enpresa eta gizarte-arloko zazpi profesional nabarmenek osotu dabe: Izaskun Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapen Saileko idazkari teknikoak; Aitor Cobanera SPRIko Teknologia eta Barrikuntza zuzendariak; Leire Bilbao Innobasque, Barrikuntzarako Euskal Agentziako zuzendariak; Carolina Perez Toledo CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko ordezkariak; Gaspar Martinez Kultur eta Ondasun gaietarako Bilboko Elizbarrutiko arduradunak; Nerea Begoña Elizbarrutiko EBI sareko zuzendari nagusiak; eta Merkat Bernaola Begoñazpi ikastolako zuzendariak.

Esperientzia ikasleentzat

Mateok eta Alapontek euren esperientzia kontatuko dabe ikastolako geletan. Ikasturtean zehar, hitzaldiak eskainiko dabez ikasleen aurrean, euren bizitzako une gogoangarrien barri emonez. Izan be, ezinbestekoa da gazteei honako balioak -hobetzea, gizarte konpromisoa, enpresarien ahalegina, gizarte egitekoak eta egiteko humanitarioak…- agertzea, etorkizunean eurek be antzeko jardunbidea izan daien. 

‘Gazte Role Model’ izendatutakook Nestor Basterretxea bizkaitar eskultoreak sortu eban eta heziketa, fantasia eta mobimentua irudikatzen dituan ikurra jasoko dabe. Ekitaldian, sariok urteen buruan jadetsi daben garrantzi eta sona errepasatuko dabe. 

Aitor Alapont y Rakel Mateo, recibirán esta tarde el "Gazte Role Model 2024"