29-03-2024 Viernes, semana - semana santa
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Romañako San Pedro eleizako Maitasun Ederraren Ama Birjinaren erretaula barriztatu dabe
28.02.2023

Romañako San Pedro eleizako Maitasun Ederraren Ama Birjinaren erretaula barriztatu dabe

Turtzioseko Romañako San Pedro eleizak 500. urteurrena ospatu eban 2021ean eta, orain, erretaula barriztatu dau. Gaur egungo eleiza, aurreko eraikinaren osoko berreraikuntza da. Prozesu luzea izan zan, eleiztarrek tenplu esanguratsuaren aldeko apustu handia egin ebalako, hau da, sasoi haretan Enkarterrietan jasoten ziharduen handienetakoa eraikitzea pentsatu eben, Juan Manuel Gonzalez Cembellin Eleiz Museoko zuendariak azaldu dauanez. 

Cembellinen esanetan, erretaula artelan barroko bikaina da eta seguruenik Francisco Martinez eskultoreak egin eban 1680 eta 1684 bitartean, eta amaitzeaz batera, Pedro Bernalesek polikromatu eban. Artista biak kantabriarrak ziran, ohikoa zan eta sasoi haretan lurralde horretako artistek Bizkaian, eta batez be Enkarterrietan, jardutea, izan be, honeek zein Kantabriako Eleizbarrutia Burgosekoan txertatuta egozan. 

Erretaulak 8 metroko atuera eta 6 metroko zabalera dau, hiru kaleko maila bakarra eta atikoa daukaz Sasoi horretako barrokoaren ohiko formak ditu: salomondar zutabeak, mahatsondo eta hostailazko apainketa eta lore handiak.

Erretaula Turtzios
San Bartolome, aurretik eta ondoren

Eta eskulturak, jakina, alderdi arkitektonikoa baino modernoagoak, are eta barrokoagoak. Titularra, “jantzitako” irudia da, hau da, bakarrik burua eta eskuak dituan manikia, gainerakoa soinekoak estaltzen dau-eta. XVIII. gizaldiko irudi ederra da, San Andres, San Jeronimo, San Bartolome eta Aingeru Goardakoaren sasoi berekoa. Atikoko Kristoren irudia, ostera, askoz zaharragoa da: gotiko berantiarreko artelana da, 1525 ingurukoa. Hau da, barriztatzen hasi ziranean eleizak eskatu eban Kristoren irudia izango da. 

Erretaula Turtzios
Plafoiak, aurretik
Erretaula Turtzios
Plafoiak, ondoren

Erretaulak hainbat arazo agertzen eban: gizaldiz gizali pilatutako zikinkeria, noizbait izan diran itoginen eraginak eta gangetan egindako lanen eraginez atzealdean pilatutako zaborra.

Gainera, insektu xilofagoek arkitektura-egitura eta eskulturei eraso egin dutsen eta makina bat puntutan zura asko hondatuta egoan. Baina egiturak eukan arazorik larriena, finkapenik eza zan. Ezkerreko kalea apur bat behera etorrita egoan eta “makina” guztia desorekatzeko edo behera botateko zorian egoan. Ezinbestekoa zan esku-hartzea.

Erretaula Turtzios
San Jeronimo, aurretik eta ondoren

Eta horixe egin dau Aurea enpresak. Arretaz egindako lanari esker, erretaularen atalak orekatu egin ditu barriro be eta, gainera, hasierako tonalitate distiratsuak itzuli deutsaz. Garbitu, erantsitako margo, purpurina eta lakak kendu, “ezabatutako” inguruak barriro margotu… egin dabez. 

Gainera, Eleiz Museoko zuzendariak azaldu dauanez, erretaularen zati bat desmuntatzean, horma-pinturak aurkitu dabez: harlanduzko lanaren imitazinoa hainbat pertsonaiagaz: “XVII. gizaldiaren hasierakoak izan daitekez. Margo herrikoiak dira, kalidade artistiko gitxi dabenak, baina lekukotasun historiko garrantzitsua emoten dabenak: eleizan margotutako erretaulak izan zirala erakusten deusku eta idatzizko agiriek gitxitan islatzen dabe hori. Eraikinean hainbesteko dirutza inbertitu ondoren, beharbada ez eben zurezko erretaula eraikitzeko dirurik izango, baina auzotarrek ez eben tenplua biluzik izterik nahi izango eta margolari xume bati hormak apaintzeko eskatuko eutsen, euren debozino handia erakutsiz”.