Bagilaren 29an, Eleizak Pedro eta Pablo santuen jai handia ospatzen dau, kristinautasunaren zabaleran funtsezkoak diran bi figura. Bizkaian, jai honek presentzia nabarmena dau bai ondare arkitektoniko erlijiosoan, bai udalerrietako bizitza herrikoian eta zelanik ez, fedean. Lekeition lurralde osoko egunik ikusgarri eta errotuenetako bat ospatzen da.
Lekeitio, San Pedroren ohorezko jaiak
Lekeitioko itsas uribilduak bere ohiko San Pedro Jaiak bizi dauz egun honeetan. Gaur da egun handia. Ekitaldiak “dei eittekuak” izenekoagaz hasten dira, goizeko 7: 00etan kaleak zehartuz. Arrantzaleak etxez etxe esnatzeko tradizinoa gogoratzen daben emakumeak dira, mezatara joateko edo itsasora irteteko deitzen deutseenak.
10:15ean, udalbatza eta kofradiako arduradunak prozesinoan abietan dira udaletxetik eleizaraino. Txirrist txarangak lagunduta joango dira. Basilikan Meza Nagusia ospatuko da, liturgian herriko abesbatzak lagunduta. Eukaristia amaitzean, 11:20an, San Pedroren omenezko prozesinoa egitngo da. Kilin-Kala zeremonia tradizinonalagaz amaituz, portuko patroi santuaren irudiaren aurrean. Bitartean, Lea Itsas Ondareko txalupek itsasotik agurtuko dabe santua.
Eguneko unerik berezi eta zirraragarrienetako bat Kaxarranka da, Euskal Herrian bakarra dan dantza. Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeak dantzatuko dau, Itxaropenako txistularien doinuekin.
San Pedroren irudiaren azpian eta Kofradiaren aurrean dantzatu ondoren, plazan Eguzki dantza be egiten da (Lekeitioko emakumeen aurreskua be deitua). Emakumeek belaunaldiz belaunaldi transmitidu daben dantza da. Gainera, lurraldean bizirik manteniduten dan mota horretako bakarrenetakoa da.
Eguna amaitzeko, danborrada herrikoia, zezensuzkoa plazan eta Aittitta Makurra txarangaren kalejira.
Prozesinoa Bermeon
Santa Eufemiako boluntarioek eta Bera Kruz kofradiak jardunaldia antolatu dabe Urdaibaiko kostaldeko herrian. Goizeko 10:15ean udalbatza prozesinoan joango da Santa Eufemia eleizaraino, kalejiran. Tenplutik prozesinoa aterako da santuagaz eta 11:00etan eukaristia ospatuko da. Herrian ohitura berezi bategaz jarraitzen da: herritarrek balkoietatik larrosa-petaloak botetan dabez prozesinoa igarotean.

Aparteko ondare erlijiosoa
Ospakizun herrikoietatik harago, gaurko jaiak, San Pedrok eta San Paulok Bilboko Eleizbarrutian itxi daben ondare aberatsari begiratzera konbidatzen gaitu. San Pauloren presentzia urriagoa da. Parrokia bakarra dago Deustun (Bilbo) eta bost ermita: Aulestin, Erandion, Arrietan, Mungian eta Orozkon, azken hiru horreek desagertuta. Bere ohiko ikonografiak adineko gizon burusoil bat lez irudikatzen dau (jakituriari lotutako ezaugarria) eta liburu bat eskuan dauela. Halan be, batzuetan haren bihurketa dramatikoa ilustretan da, argi batek distiratutako zalditik jausiz.
San Pedro, barriz, hogeita hiru parrokiatan eta hogeita bederatzi ermitatan dago eleizbarrutiko lurraldean. Aitagarrienen artean Deustuko eleiza dago, portadan San Pedro Aita Santu berantiar bat zizelkatuta dauela. Las Carrerasekoa be (Abanto), Gerra Zibilaren ondoren bikain berreregia. Gainera, La Quadrako (Güeñes) portada apalak apaindura aberatsak dauz. Lumokoa Gernika ganeko talaia lez agirtzen da. Ermitetan, Lemoakoa nabarmentzen da, bere hormetan erromatarren garaiko hilarriak gorde ebazana, gaur egun erreplikekin ordezkatuak. Originalak Bizkaiko Arkeologia Museoan dagoz. Azkenik, Atxispekoa (Gamiz-Fika) hondatuta dago, baina Erdi Aroko lurraldeak gogora ekarten dauzan ingurune batean dago.

San Pedroren irudia zutunik agirtzen da, giltzak eskuan dauzala, edo aita santuaren bakarlekuan jesarrita, tiaraz ikututa.
Ibarruriko bitxi gotikoa
Jatorrian eleiza horreetako asko apostolu biei batera eskainita egon arren, kasu bakar batean gorde da batasun hori. Ibarruriko (Muxika) San Pedro eta San Pablo baseleiza da, Bizkaiko landa-eremuko gotikoko bitxietako bat.

San Pedroren oboloa
Gaur Aita Santuaren Eguna edo Aita Santuaren Karidadearen Munduko Eguna be ospatzen da, San Pedroren Oboloa izenaz ezagutzen dana. Fededunek Aita Santuari emondako dohaintzak misino-lanetarako, ekimen humanitarioetarako eta gizarte-sustapenerako erabiltzen dira. Halaber, Egoitza Santuaren jarduerei eusteko balio dabe. Diru-bilketa bagilaren 29an edo San Pedro eta San Pauloren solemnitatetik hurbilen dagoen domekan egiten da. Hori mundu katoliku osoan jazotzen da.







