06-05-2024 Lunes, VI semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Sei kontzertu Zornotzako “Eleizetan” jaialdian
06.09.2023

Sei kontzertu Zornotzako “Eleizetan” jaialdian

2002tik hasita urtez urte ospatzen da “Eleizetan” ganbera-musikaren jaialdia Zornotzako eleiza eta ermitetan. Datorren zapatuz emongo deutse hasiera kontzertuei eta irailean kalitate handiko musikaz gozatzeko aukera izango dabe emonaldietara hurreratu daitezan guztiek. Gainera, jarduera honi esker, udalerrikoermita eta eleizak bisitatzeko aukera izaten da. Udaletik azaldu dabenez, "hainbat monumentu bisitatu daitekez, esate baterako, Dudeako San Migel eta Boroako San Pedro ermitak, Bernagoitiko San Migel, Etxanoko Andra Mari edo Zornotzako Andra Mari eleizak eta beste hainbat".

Eleizetan jaialdiaren aurtengo ekitaldian, musika-eskaintza zabalaz gozatu ahal izango da “Eleizetan” jaialdian eta askotariko estiloak garatuko dira, esate baterako jazza, barrokoa, errenazimentuko musika, musika herrikoia, antzinako musika, folka… Datorren zapatuz, irailak 9 hasiko da ekitaldia eta hilaren 24ra arte iraungo dau. 

Kontzertuak ospatu daitezan egunetan, autobusa jarriko da doan, ermita edo eleizetara joateko eta Gudari kaletik atarako da.

Egitaraua:

Irailaren 9a, zapatua, Etxanoko Andra Mari eleizan (20:00) 

Zarzuela-saioa, soprano, tenore eta pianoagaz. Zarzuelaren historiako piezarik ezagunenan entzungo dira erromantzetan, bikoteetan eta pianoan bakar-saioan. Lehenengo zatian, Pablo Sorozabal eta Jesus Guridi lako euskal musikagileek izango dabe protagonismoa. Bigarrenean, askotariko lanak aurkeztuko dira: madrildar peto-petoa, andaluziar pasodoblea, kataluniar zarzuela… Miren Urbieta-Vegak (sopranoa), Beñat Egiartek (tenorea) eta Josep Bufornek (pianoa) jardungo dabe.

Irailaren 10a, domeka, Bernagoitiko San Migel eleizan (19:00)

Ana Cata Maza kubatar biolontxelo-jotzaile eta abeslariaren kontzertua. Brasileko bossa nova eta Kubako habanerak entzungo dira. Erritmo latinoak, pop doinuak, jazz harmoniak eta teknika klasikoak.

Irailaren 16a, zapatuz, Boroako San Pedro ermita (20:00)

Appaloosa Quartet taldearen kontzertua. Unai Celaya (biolina), Juan Gomollón (biolina), Ane Aguirre (biola) eta Agate Amilibia (biolontxeloa).

Irailaren 17a, domeka, Dudeako San Migel ermitan (19:00)

“HEREJEEN ALABA irakurketa musikatua” antzezpena. Fraile bat Orreagatik Durangora doa. Bertan, biharamunean hamabi heretiko, tartean heretikoen alaba dan neskatoa, erre egingo dabezala jakingo dau. Hauxe da ‘Kristalezko bihotza’ kontaketaren abiapuntua. Joseba Sarrionandiak “literatura landu eta erdi arokoan murgilduta” bizi izan eban “aldi hutsean” idatzitako kontaketa da. Iturri historikoetatik hartutako errealidadea eta fikzinoa nahastatzen dira. Ainhoa Pinedak (irakurketa), Maider Lopezek (biola) eta Ander Berrojalbizek (arrabita) jardungo dabe. 

Irailaren 23a, zapatua, Etxanoko Andra Mari eleizan (20:00) 

Nerea Quincoces perkusionista, abeslari eta musikagileak zuzendutako Kuttune taldearen kontzertua. Euskal folklorean oinarritutako piezak eta euskal folklorea eta munduko kultura eta musikak alkartzetik sortutakoak eskainiko dabez.

Taldekideak: Nerea Quincoces, Tania Loza, Irene Gil, Jordi Arcusa, Pablo Bueno, Unai Olabarri, Charlie Santiago, Pablo Davila, Aingeru Torre.

Irailaren 24a, domeka, Garaitondoko San Isidro eleizan (19:00)

Lauso Laukotea (Musikene) taldearen kontzertua. Jatorriz, Galizia, Andaluzia, Nafarroa eta Kataluniakoak. Taldekideak: Pedro Budiño, Juan de Dios Ruiz (biolinak), Irati Pagola Blanco (biola) eta Paula Lopez Valls (biolontxeloa)