30.06.2026

Smerilli, Aita Santuak Prefekta izentau dauana, Bilbora etorri zan maiatzean

Aita Santuak Alessandra Smerilli izentau dau bagilaren 30ean Osoko Giza Garapenaren Zerbitzurako Dikasterioko prefekta. Hau da Leon XIV.a aita santuak goi mailako kargu baterako emakume bat izentau dauen bigarren aldia, María Montserrat Alvarado Komunikaziorako Dikasterioaren Prefekta izentau ondoren. Erromako Kuriako goi mailako arduradun barria Bilbora etorri zan Arizmendiarrieta Kristau Fundazioak bultzatutako topaketa batzuetan parte hartzera.

Smerilligaz batera, Leon XIV.a aita santuak Fabio Baggio kardinala izentau dau prefetaren aldeko eta Jozef Barlade gotzaina idazkari. Smerilli ekonomista eta erlijiosa salestarra da.

Prefekta barriak Bilbo bisitau eta hilebete eskasera izentau dabe. Egun harek aztarna itxi eban eleizbarrutian, eta aparteko garrantzia hartzen dau izendapenaren harira.

Aztarna itxi eban bisitea

Smerilli maiatzean etorri zan Bilbora, Arizmendiarrieta Kristau Fundazioak bultzatutako Enpresa Humanistearen Urtearen barruan. Goizean hitzaldia emon eban Elizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuan (ETPI). Arratsaldean, Deustuko Unibertsidadeko saio batean parte hartu eban. Bi topaketetan, gainera, Vicente Vide Teologia Fakultateko dekanoak gidatu eban alkarrizketa.

Alessandra Smerilli Mallonako eskaileretan Juan Manuel Sinde (Arizmendiarrieta Kristau Fundazioa) eta Estrella Morenogaz (ETPI)

Hain zuzen be, ETPIn egindako hitzaldiaren ostean emon eutsan alkarrizketa goi agintariak Alkarren Barri eleizbarrutiko aldizkariari. Bertan, ondoren Deustun be azalduko ebazan ideiak sakon garatu ebazan: osoko ekologia, emakumeak Elizan dauen papera eta Leon XIV.aren aita santuaren inguruko irakurketa pertsonala.


Laudato si´ren aurrean zer?

Alkarrizketan, Frantziskoren Laudato si ‘argitaratu zenetik igarotako hamarkada luzearen balantzea egiten dau Smerillik. Autortzen dau aldaketa kulturala “batzuek espero genduana baino mantsoago” doala aurrera, baina Elizea norabide batean mobiduten danean, “Ondo egiten dauela eta ez dauela atzera egiten” defendiduten dau.

Entziklika apliketako lehenengo pausu zehatzari buruz galdetuta, Eliz erakundeen barrurantz jo dau: parrokiek, eskolek eta eleizbarrutiek euren energia kontsumoa eta baliabide eredua barrikusi behar dabe kanpora ezer eskatu aurretik. Aldarrikatzen dana eta egiten dana “koherentzia sakramentala” dala adierazo eban. Era berean, komunidade energetikoak aitatu dauz bi printzipio ondoen uztartzen dauzan tresna gisa: sorkuntza zaintzea eta pobreenei arreta eskaintzea.


Apurtzeke dagozan sabaiak

Dikasterio bateko lehen emakume idazkari izentatzeari buruz — orain prefektua —, zuhurra baina argia izan zan: sabaiak apurtzeke dagoz Elizan. Halan be, benetako aldaketa ez da emakume gehiago postu jakin batzuetan jartzea, sakoneko kultura eraldatzea baizik. Frantziskori “ekintza benetan profetikoak” egozten deutsaz zentzun horretan. Leon XIV.ak, “Bere nasaitasunarekin eta bere erabagitasunagaz”, norabideari eustea espero dau.

Erantzukizun hori bere bizitza erlijiosoagaz uztartzeko moduari buruz, aitorpen pertsonal bat egin eban: ez dau inoiz Dikasterioan lan egiten dauenetik adina otoitz egin. Gainera, azpimarratu eban bere ahizten komunidadea ez dala kontsagrautako bizitzaren osogarri bat, “bere bihotza” baizik.

Alessandra Smerilli
Alessandra Smerilli, eleizbarrutiko aldizkariari eskainitako alkarrizketearen une batean

Leon XIV, “Rerum Novarum” digitalaren klabean

Alkarrizketaren pasarte nabarmenetako bat aldizkariak beste lauki batean jasotzen dauena da, Aita Santu barriari eskainia. Smerillik Kuria barriagaz batera lan egiten dau, eta Leon XIV.a “nasaitasun handiko” eta “determinazino argiko” aita santu gisa deskribiduten dau. Gainera, Frantziskok edegitako bideari jarraituko deutsola azpimarratu dau, “Aurrerapausuak sendotuz, funtsezkoan atzera egin barik”.

Zehetasun argigarri bat be ekarri eban gogora: konklabeko kardinalei bere hautuaren barri emotean, Robert Prevostek berak azpimarratu eban bere aitasantutzako paralelismo historikoa Leon XIII.arenagaz,  “Garrantzitsuena ez da ez izena ez kinu sinbolikoak, mobimentuak aurrera egitea eta kultura aldatzea baizik”, laburbildu dau. “Eleiza benetan aldatzen danean, ez dau atzera egiten”.

Euskal kooperatibismoa, “Italian ikasten ari dan” eredua

Smerillik ez eban ezkutau euskal tradizino kooperatiboarekiko miresmena, “Ondo, eta ez hemendik bakarrik” ezagutzen ebala esan eban-eta: ekonomia eta garapena lantzen diranean Italiako unibersidadeetan ikasten dan eredua da. Gainera, formula kooperatiboa kapitala emoten dauenaren logika gainditzeko modu gisa definidu eban, lan egiten dauenaren aurrean. Eredu horretan, danak izan daitekez aldi berean ekintzaileak, langileak eta kontsumitzaileak, pertsona ez ezik, komunidadea eta harremanak be erdiunean jarriz.

Alkarrizketa osoa Alkarren Barri aldizkarian

Sor Alessandra Smerillirekin izandako elkarrizketa osoa, testu eta bideoan, Alkarren Barriren ikastaroaren azken alean kontsulta daiteke, Bilboko elizbarrutiko aldizkarian. Nabarmentzekoa da argitalpenak irailean ekingo deutsola barriro jarduerari.

Alessandra Smerelli en Bilbao (Foto, diócesis de Bilbao)

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: