23.10.2026

Sopuertako San Viator eta Etorkintzak bat egin dabe menpekotasunen prebentzinoan LHan

Eleizbarrutiko ikastetxeak batzen dituan EBI sareko Sopuertako San Viator ikastetxea da ikasle eta familiei arreta espezializatua emongo deutsen ZUBIA BIZKAIA egitasmo pilotuan parte hartzeko aukeratu dabezan LHko zentro bietako bat.

Sopuertako San Viator ikastetxeak eta Etorkintza fundaznoak “ZUBIA” egitasmo pilotua jarri dabe martxan. Lanbide Heziketako ikasleen artean menpekotasunei lotutako jarrera arazotsuak prebanitzeko, atzemateko eta esku-hartzeko egitasmo pilotua da. 

BBK erakundeak lagundutako ekimen hau Bizkaiko LHko ikastegi bitan baino ez da garatuko. Erakunde biek batera egin daben ibilbideari esker, EBI sareko San Viator ikastetxea aukeratu dabe esperientzia honetan parte hartzeko. 

San Viator

Barritasun lez, Etorkintza fundazinoko terapeuta batek parte hartuko dau. Astero joango da Sopuertako San Viator ikastetxera, hiru orduz orientazinoa, arreta eta jarraipen pertsonalizatua eskeintzera horren premina daben ikasleei. 

Gainera, esku-hartze zabalagoa behar daben kasuetan, ikasleek zein familiek doan eskuratu ahal izango dabez Etorkintza fundazinoak Bilbon eskeintzen dituan zerbitzuak, ikasleek 18 urte bete arte.

Egitasmo honen bidez, prebentzino eta arretarako bitartekoak eroango dabez ikastegira, ustezko egoera arriskutsuak bizkor atzemateko, akonpainamendu gertuko eta eskuragarria emonez.

Konpromisoa ikasleen ongizate eta etorkizunagaz

San Viator ikastegiko Ikasketa-burutzatik eta Orientazino-taldetik koordinatuko da ekimena. Aparteko arreta eskeiniko jake ahuleziazko egoeran egon daitekezan Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleei.  

ZUBIA egitasmoak osoko esku-hartzearen alde egiten dau, gazteen garapen pertsonala, heziketa-garapena eta gizarte garapena kontuan hartuta. Gazteon geroko laneratzea be aintzat hartzen da. 

Sopuertako San Viator ikastetxeak, egitasmo honetan parte hartuz, inklusinoaren, ongizatearen eta ikasleentzako akonpainamendu pertsonalizatuaren aldeko konpromisoa sendotzen dau.

www.bizkeliza.org

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: Gazteak