28-04-2024 Domingo, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Txalo beroak abegi eta inklusinoan eredu diran 8 emakumeri
08.03.2024

Txalo beroak abegi eta inklusinoan eredu diran 8 emakumeri

Jente asko batu da Indautxuko Karmeneko Ama parrokiako areto nagusian 'martxoak8mujeres' autorpen-saioaren VI. ekitaldian parte hartzeko. Bilboko Eleizbarrutiak ekitaldi instituzionala ospatu dau euren fedezko konpromisotik Bizkaiko Eleizari eta gizarteari funtsezko zerbitzua eskaintzen deutsen 8 emakumeri autorpena egiteko. Gotzainen Batzarraren Osoko Bilkuran parte hartzen diharduen On Joseba Segura Bilboko gotzainak bideo-mezuz agurtu ditu 8 emakumeak: "zeuren burua eskainiz, gorputz eta arima arituz, ekarpen handia egiten dozue alkarteei, familiei eta pertsonen bizitzan hain garrantzitsuak diran gauzei eusteko". Aintzane Monteverdek esker ona adierazo dau guztien izenean autorpenagaitik, "Eleizak emakumezkoaren aurpegia" dauala nabarmenduz, eta Nekane Landaribarrek bertsoa kantatu dau.

Gorputzaz baliatuz adierazoteko, komunikatzeko eta otoitz egiteko era dan ‘Signodanza’ deitutakoaren sortzaile dan  Rakel Rodríguezen emonaldiaz hasi eta amaitu da 8 emakumeei  autorpena adierazoteko ekitaldia. BIlbon bizi dan andaluziar emakumearen magiak aho zabalik itzi ditu Eleizbarrutiaren autorpena jaso daben 8 emakumeen ondoan egon eta euren lana eskertu gura izan daben guztiak.

Bideo baten bidez heldu da eguneko beste ezustekoa, Bilboko gotzainak be bat egin nahi izan dau-eta autorpen-ekitaldiagaz. On Joseba Segura gotzainak, “ospakizun honegaz benetan bat egiten” dauala esateaz batera, zera esan dau: “nire autorpena emakumeoi, kide izateaz gainera, elementu kritiko, funtsezko, zarielako fedearen transmisinoan eta balio ebanjelikoen agerpenean”. 

Bikario nagusiaren esker oneko berbak

Kerman Lopezek, Bizkaiko Eleizaren izenean, eskura emon deutse Toño Valdivieso artistak egindako lamina, margotutako oinatza irudikatzen dauana. Omenaldia jaso daben 8 emakumeek, boluntario lez jardunez, Eleizan eta gizartean izten diharduen arrastoa irudikatu gura dau.

Bikario nagusiak hauxe eskatu dau esker oneko berbaldian: “emakumeen konpromisoa autortuz, onartu daigun Jainkoaren Espirituaren gidaritza, oraindik bardintasun beterako geratzen dan bidean aurrera egin daigun”.

Dakigun modura, parte hartzetik erabakiak hartzera jauzia dago. Argi dago, azken urteotan, arlo honetan, aldaketa batzuk egon dirana. Baina oraindino be, asko geratzen da egiteko.
Kerman López

Emakumeen berbak

‘San Nikolas zabalik’ alkarteko kide dan Aintzane Monteverdek adierazo dauanez, 8 emakumeek eleiz edo herri erakundeetan ahulenen zerbitzura jarduten daben milaka emakumeren borondatezko lan anonimo eta isilean ikusten dogu geure burua”.

Nire inguruan, borondatezko lana emakumeok lako eskaintza eta bizitasunaz egiten dauan gero eta gizonezko gehiago dagoala autortu behar dot.
Aintzane Monteverde

Ekitaldian, 8 minutuko bideoa emititu da eta bertan emakumeek, bakotxak bere zerbitzuzko esperientziatik, alkarteetan abegi eta inklusibitateak zer esan gura dauan azaldu dabe. Besteak beste, euren esanetan, hauxe da: “ateak beti zabalik euki etorten danarentzat”, “jatekoa, heziketa eta akonpainamendua eskaini” edo “fedetik zerbitzatu”. 

Autorpena jaso dauan Susana Mallok, Jesusen Mirabeen ordenako monjak, keinu-hizkuntzaz interpretatu deutse ekitaldia ospakizunean parte hartu daben Gorren Pastoraltzako kideei.

Oholtzan zortzikotea
guztiok emakumeak
ezbardinak gara baina
batzen gaitu fedeak
gizartean ta Elizan
ipiniz gure aleak
zabalduz goaz apurka
zarratutako ateak,
josiz ta josiz gu beti
lankidetzako sareak
merezi dau ahaleginak
lan guztiak ta nekeak
gure aldetik zuentzat
eskerrik ta beroenak
izugarri pozten gaitu
gu hemen aintzat hartzeak.

Nekane landaribar