22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Arto-kanaberazko oreaz egindako Kristo, Lekeition
19.04.2023

Arto-kanaberazko oreaz egindako Kristo, Lekeition

Bihar, arratsaldeko zazpietan eta Lekeitioko basilikan, 'Vera Cruz erretaularen zaharbarritzea. Erretaula gatazkatsuaren zaharbarritzea' gaiaren inguruko berbaldia izango da. Juan Manuel G. Cembellin Eleiz Museoko zuzendariak eta Patxi Saez Colina zaharbarritzaileak jardungo dabe. Gatazkaz inguratutako artelana da, izan be, indiano batek dirua bialdu eban egiteko, urte asko pasatu zan eraiki arte eta oinordekoakaz auziak eta tirabirak egon ziran. Gainera, erretaula aparta da, bakarra Euskal Herrian, besteak beste, mexikar Kristoa daualako, erretaulako elementurik zaharrena, arto-hostoz egindakoa. Jente ugari batuko da datorren zapatuz, apirilak 22, Lekeitioko eleizan, Miren Agur Meabe lekeitiarrak Euskaltzaindian sartzeko berbaldia emongo daualako bertan. Ekitaldi hau eguerdiko 12:00etan izango da. 

Lekeition hainbat jarduera antolatu dabe Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko VI. Egitasmoaren haritik. Horreetako bat, ‘iragarri’ sailean sartuko litzatekena, bihar -egunena- ospatuko da basilikan, 19:00etan: berbaldia 2021ean zaharbarritutako Vera Cruz erretaularen inguruan.

Zaharbarritzea gauzatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak 11.000 euro inguru jarri ebazan, eta 3.500 euro inguru parrokiak.

Lekeitioko basilika
Lekeitioko basilika

Kapera aparta

Ez dago ziurtasunik Vera Cruz kaperaren egileari buruz. Jakinekoa da, 1588an Juan Uribe eta Apallua Indiako flotako marinel jeneral nabarmen eta almirantea eta Maria Ozaeta bere emaztea zirala jabeak. Indiano honek Sevillan igaro eban bere bizitzaren zati handi bat baina sekula ez zan jaioterriaz ahaztu. Juan M. G. Cembellinek azaldu dauanez, 1602an latinitate-katedra sortu eban, izan be, “ezinbestekoa zan latin jakitea unibertsitatean sartzeko eta katedra nonen bidez lekeitiarrak sustatu gura ebazan”.

Eta Lekeitiori eutsan maitasunaren adierazle, Vera Cruz erretaula. 1588an, Juan Uribek Kristo Kurutziltzatuaren irudia eta 400 dukat emon ebazan lanak egiteko “para hacer particular servicio y mober a deboción a los parrochianos de Lequeitio”. 

1603an hil zan eta orduan biztu ziran alargunaren eta familiaren hartzekodunen artean, dirua ez ei zan-eta Lekeitiora heldu. Azkenean, 1748an, rokoko estiloko erretaula egitea agindu zan. Doloretako Amaren, San Joanen eta Kristo etzanaren irudiak XX. gizaldikoak dira.

Arto-kanaberazko oreaz egindako irudia

Irudia 1588koa da eta Mexikoko tailerretan baliatzen ziran teknikaz egindakooa, hain zuzen be, arto-kanaberazko oreaz. Cembellinen esanetan, artelan bikaina da, bitxia dalako eta estatuan holako 22 baino ez dagozalako; bi, Arrasateko San Frantzisko komentuan eta gainerakoak, Kanarietan, Andaluzian, Badajozen, Toledon eta Salamancan.

Kristoren irudi honek, gainera, egundoko kalitatea dau, “Nueva Españan -gaur egungo Mexiko- egindako eskultura arinaren adierazgarririk onenetakoa” da-eta, honako irudietan aditua dan Pablo Amadorrek nabarmendu dauanez. 

Euskaltzaindia Lekeitioko basilikan

Beste alde batetik, datorren zapatuz, apirilak 22, Miren Agur Meabe itzultzaile eta idazleak Euskaltzaindian sartzeko berbaldia eskainiko dau Lekeitioko basilikan -lotura estua dau-eta beronegaz-, eguerdiko 12:00etan.

Miren Agur Meabe
Miren Agur Meabe

Retablo Vera Cruz Lekeitio