Datorren zapatuz, ekainak 13, Paduko San Antonio eguna, Urkiolako santutegiaren inguruan bizkaitarren herri erlijinotasuna agerian jarriko da. Milaka lagun hurreratuko da santutegi osetsura eleizkizunetan, erromerian eta gainerako jardueretan parte hartzeko.

Hainbat Eukaristia ospatuko da San Antonio egunez eta On Joseba Segura Bilboko gotzaina buru dala ospatuko dan Meza Nagusia eguerdiko 12:00etan hasiko da.
Ospakizunen orduak
Ekainak 13, zapatua – Paduko San Antonio eguna
- 10:00etan: Meza Santua
- 11:00etan: Meza Santua
- 12:00etan: Meza Nagusia, gotzaina buru dala
- 13:00ean: Meza Santua
Ekainak 14, domeka: Errepikapena
- 10:00etan: Meza Santua
- 12:00etan: Meza Santua
Aurtengo ospakizuna, gainera, berezia izango da, Mikel Azpeitia eta Juanjo Elezkanok lehenengo aldiz ospatuko dabe-eta San Antonio eguna Abadetxeko arduradun lez. 2025eko irailetik bizi dira Urkiolan, azken hamabi urtez hango arduradun izan diran Felix Moreno eta Kontxi Marcosen eskutik lekukoa hartu ondoren.
Aldi barria arima misiolaria dauan lekuan
Bien esanetan, hasiera-hasieratik abegia sentitu dabe: «Etxean lez sentitu gara lehenengo egunetik», dinoe esker onez aurrekoengandik jasotako akonpainamenduagaitik.
Biek ala biek pastoral eta misino esperientzia zabala dabe. Bien ustez, Urkiolak bizirik eusten deutso urteak joan, urteak etorri, Euskal Eleizbarrutietako Misinoen erreferentzia egin dauan senari. Juanjoren esanetan, «Giro hori somatzen da orain be, etxe honen hormetan sartuta dago».
Mikel y Juanjo, los nuevos guardianes del Santuario de Urkiola https://t.co/ezILMXC2UH vía @guredot_dotb
— @DiocesisBilbao (@DiocesisBilbao) June 7, 2026
Isiltasun eta bategite bila datozanei abegi egin
Urtean zehar, era askotako jentea joaten da santutegira: mendizaleak, txangozaleak, familia, erromesak, bisitariak…, danak be isiltasuna aurkitzeko eta otoitz egiteko nahiaz. Asko eta asko eleizara sarntzen da, kandela biztu eta bere baitan bildurik otoitz egiten dau barriro bideari lotu aurretik.
Horretaz jabetuta, arduradun barriek pastoral proposamen barriak eta otoitzerako eremuak lantzen dihadue Urkiolara hurreratzen diranei esperientzia espiritual sakonagoa bizitzen laguntzeko. Esate baterako, ekainaren 21rako otoitzaldia antolatu dabe udari ondoetorria egiteko. Arratsaldeko zazpietan izango da.
«Otoitza, janari da guztiontzat», dinoe.
Era berean, egitasmo barriak bultzatzen dihardue santutegiaren etorkizunari begira, besteak beste, ortua berreskuratzea.
Lagun askoren ahaleginaz eutsitako jaia
Abadiñoko Udalak antolatzen ditu erromeria eta santutegiaren kanpoaldean egiten diran jarduerak. Barruan, harreran, liturgia zerbitzuan eta eleizaren zaintzan laguntzen daben boluntarioei esker aurre egiten jake eguneroko jarduerei.
Urkiolako santutegitik dei egin jake fededun eta bisitariei Bizkaian hain berezia dan ospakizunean, Eleizbarrutiko leku esanguratsuenetakoan fedea, bategitea eta bizikidetza buztartzen dituan jaian, parte hartu dagien.
Maketen erakusketa
San Antonio egunez, eta uda osoan, Urkiolako santutegira hurreratu daitezanek Carlos Garcia Valdivieco durangarrak egindako maketen erakusketa bisitatu ahal izango dabe, abuztura arte zabalik egongo da-eta.
Carlos Garcia Valdiviecok eskuz egin dituan Durangaldeko eleiza eta ermiten maketez osotutako erakusketa da. Urteak emon ditu egileak pieza bakotxa zehaztasun handiz egitea eskatzen dauan teknika zehatz hau lantzen. Askotariko materialak darabilz, esaten baterako, harria, egurra, alanbrea, kokbrea, zeramika eta aluminioa.
Aspaldikoa da Garcia Valdiviecoren eta Urkiolaren arteko lotura, santutegian lan egin eban-eta hainbat urtez Peli Romarategi arabar misiolari eta artisauagaz beirate eta mosaikoak egiten.
Erakusketa bisitatzeko ordutegia: asteburuetan, 11:00etatik 14:00etata, santutegiari atxikitako lokalean.







