Misino-sendiarentzat leku oso esanguratsua dan Urkiolan ehunka lagun batuko da aste honetan. Hiru dira inguruko jenteak egutegian azpimarratuta dituan hitzorduak. Felix eta Kontxik, azken 11 urteotan ‘abade-etxearen’ zainzaz arduratzen diranak, bizitasun handiagoz bizi dabez egun honeek.
Orain dala hamar urte inguru joan ziran Urkiolara misiolariakaz alkartean bizitzera. Gaur egun, misinoetan urteak emon ondoren, euren bizitzako azken aldia alkarregaz bizitzera bueltatu ziran abade hareengandik jasotako espiritualtasun eta ondareari eusten deutse. Izan be, leku honetan, “Joseba Legarzak inoan lez, eleizbarruti arteko senari eusten jakon eta laiko eta erlijiosoen arteko lankidetza gauzatzen zan”.
Paduko San Antonio eguna
Datorren eguenez, Bizkaiko eta Gipuzkoako makina bat lagun hurreratuko da santutegi ingurura santurik herrikoienari otoitz egitera eta bere jaia ospatzera. Hainbat meza ospatuko da santutegian goizean zehar, lehenengoa goizeko hamarretan eta azkena ordu batean. Eguerdikoa izango da Meza Nagusia eta On Joseba Segura gotzaina buru dala ospatuko da.
Errogatibak
Ekainaren 15ean ospatuko da lehenengo errogatiba, Arratialdekoa. Oraintsu arte, Aramaio izaten zan lehenengoa. Baina, gaur egun, ez dira santuaren aurrean agertzen, baina beste era batera gauzatzen dabe presentzia hori. Felixek kontatzen dauanez, “Aramaioko familia batek lorak ekarri eta santutegia apaintzen dau urtero. Lehenengo errogatibaren aurreko asteburuan, astromellak, tenplua handiesten daben lore ederrak ekarten dabez”.
Abuztuan, San Roke egunez, Mañaritik Urkiolara egiten dabe errogatiba. Abuztuko azken zapatuz, Abadiñoko herri errogatiba egiten da.“San Roke prozesinoan eroan eta eleizaren kanpoaldean ipinten dabe. Batzuk sartzen dira oraindik santutegira otoitz egitera”. Garaiotako zantzuak dira.
Errogatiben zentzua
Santutegietara egiten diran errogatiba edo prozesinoak ospatu egiten dira, nahiz eta antxinako prozesino-izaera galdu. Jatorrian, kurutzea eta eleizako jantziez joaten zan abadea buru ebezan segizioak egiten ziran. Batzuetan, Ama Birjinaren edo santuren baten irudia andetan eroaten zan.
Kasu batzuetan, gaur arte eutsi jake antxinako errogatiben ezaugarri batzuei, esate baterako, santutegiari bueltak emonez santuen letaniak abesteko ohiturari.