Hitzorduari hasiera emoteko, kurutzea zelan eraiki zan azalduko da hitzaldi labur bategaz. Gainera, proiektuko hiru protagonisten lana ezagutuko da. Bata, Juan Bartolome de Alcibar Zeanuriko orduko parrokoa. Berau izan zan ideia euki eta bultzatu ebana. Beste bat, Casto de Zavala arkitektoa, eta hirugarrena, Serapio Goicoechea eraikitzailea. Hiruren senideak joango dira, Zeanuriko eta Zuiako parrokoakaz eta udal bietako ordezkariakaz batera. Izan be, kurutzea udalerri bien arteko mugan dago kurutzea; hau da, Bizkaia eta Arabaren arteko mugan. 1901ean, bi herrietako parrokoak egon ziran inaugurazinoan.
Dohaintzakaz ordaindutako lana
Lanak 1901eko garagarrilaren 16an hasi ziran, Gurutze Santuaren Garaipenaren jaian. Egun horretan, kurutzearen oinarria hartuko eban lekua markauu zan tokian bertan. Zeanuriko parrokoak lurra bedeinkatu eban eta, Zuiakoagaz batera, horretarako propio egindako bi atxur barrigaz emon ebazan lehenengo kolpeak.
Aurrekontua 50.000 pezetakoa izan zan, eta erakundeen eta partikular askoren dohaintzekin ordaindu zan. Ekarpenik handiena Bizkaiko Foru Aldundiarena izan zan: 10.000 pezeta, aurrekontuaren ehuneko hogeia. Zeanuriko Udalak 500 pezeta emon ebazan eta Zuiakoak 1.000.
Haize eta hotz artean egindako inaugurazinoa
Serapio Goicoechea eraikitzaileak, garai hatan Barakaldoko alkatea zanak, irailaren 14rako, Gurutze Santuaren gorazarrearen jairako, obrak amaitzeko konpromisoa hartu eban. Ez zan sasoiz amaitu, eta inaugurazinoa bi hilebetez atzeratu zan, zemendiaren 12ra arte.
Garaiko kroniken arabera, jente asko igon zan Jesukristoren adinaren oroimenez 33 metroko altuera eukan kurutze barria ikustera. Haize bortitzak eta hotzak programa osotzea eragotzi eben. Zeanuriko parrokoak kurutzea bedeinkatu eban eta Daniel Baertel frantziskotarrak hitzaldi labur bat emon eban euskeraz eta gaztelaniaz tontorretik apur bat beherago jarritako oholtza batetik, baina ezin izan zan mezea ospatu.
Obra erabat amaituta ez egoanez, ospakizuna hurrengo urteko uztailaren 16an errepiketea pentsau zan. Ez zan aukerarik izan: 1901eko abenduaren 12an, inaugurazinotik hilebete eskasera, haizete gogor batek kurutzea bota eban.
Hiru kurutze hamarkada pasautxoan
1903ko urriaren 1ean bigarren kurutze bat bedeinkatu zan, hau be 33 metrokoa. Tamalez, suerte bera izan eban eta denporal baten ondorioz 1906ko otsailaren 12an jausi zana. Urte batzuk geroago hirugarrena eraiki zan, gaur egun ezagutzen doguna, eiffeliar estilokoa eta 17 metrokoko altuerakoa.
Gurutze hau indartu egin da. Uda honetan, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek 167.742 euro inbertidu dabez zimenduak konpondu eta hobetzeko. Lau zutabeak babestu eta egonkortzen dauzan hormigoizko eraztun bat eraiki da, eta perimetro osoa kurutzearen kolore bereko altzairu baltzez errematatu da.

Juan Bartolome de Alcibar, bultzatzailea
Juan Bartolome de Alcibar Abasolo Zeanurin jaio zan 1846ko abuztuaren 24an. Hamar anai-arrreba ziran eta arreba bikia izan eban. Gasteizko apaiztegian ikasi eban eta 1870eko irailaren 24an abadetu zan. Montellano (Sevilla), Orozko eta Elantxobetik igaro zan, eta 1880an bere jaioterrira itzuli zan abade laguntzaile modura. 1893an Zeanuriko parroko izentau eben, eta halan zan kurutzea inaugurau zanean be.
Gorbeiako Kurutzearen benetako bultzatzailetzat joten da, eta emon eutsan haizea batzordeari be. 1906ko apirilaren 17an hil zan, 59 urte ebazala, bigarren kurutzea jausi eta bi hilebetera.







