Eleizbarrutiko klausurako monjeen alkarte bakarrak gaur ospatzen dau San Bernardoren solemnitatea. Ziortzako fraileen arretagune ugari dagoz. Nagusia, otoitza, baina baita monasterioaren inguruan pasetan diran edo ostatu hartzen daben pertsonei harrera egitea be. Tenpluan, ostatuan, aterpetxean edo dendan artatzen dabez urtean zehar Euskadiko monumentu nazinonala dan leku magiko honetara hurbiltzen diran ehundaka personak.
Gaur monjeek “modu xumean, komunidadean” ospatuko dabe San Bernardo jaia, laneguna dalako. Domekero lez, parrokiako-alkartea San Bartolome egunean, abuztuaren 24an, bilduko da eleizan, 12:00etan.
Eguneroko otoitzak
Monjeak otoitz goiztarragaz hasten dira, Bigiliekin, 5: 30ean. 7: 00etan gosaria. Laudeak eta eukaristia 9: 00etan. Seigarrena, 13:30ean, eta Nona 15:30ean. Bezperak 19:30ean dira eta Konpletak eta Salbea, 21:30ean.
San Roke eta Ama Birjinaren prozesinoa
Aurreko abuztuaren 15ean, Jasokundearen Eguna ospatu zan monasterioan, ohiko prozesinoagaz. Kondairak dinoenez, arrano batek buruhazur bat eroan eban leku horretara Jasokunde egunean, eta hori bere izenaz baseleiza bat eraikitzeko seinaletzat hartu zan. Beste batzuetan lez, santuaren eta Ama Birjinaren irudiekin prozesinoa egin zan eleizpean zehar eta, tradizinoari jarraituz, fededun asko azpitik pasau ziran “sendatzeko edo eztarriko gaitzei aurre hartzeko”.
Done Jakue Bidea
Alkarteko nagusiak adierazo dauenez, aurten 2024an baino erromes gitxiago igaro dira. Ez daki zergaitik, baina Alemaniatik etorritakoen kopuruak behera egin dau. Aterpetxean ostatu hartzen daben gehienak europarrak dira, Done Jakue bidean. Erromes estadubatuarrak eta kanadarrak be bisitetan dabez. Ibilpidea egiten daben asiar gehienak korearrak dira.
Kontzertuak irailean
Antxinako musika barriro adituko da Ziortzako Kolegiatako hormen artean, irailaren 13, 14, 20 eta 21ean ospatuko dan Ziortzako Kontzertuak 37. edizinoa dala eta. Jaialdiak programazino zorrotzaren aldeko apustuari eusten deutso, nazinoarteko erreferentziazko talde eta bakarlariekin, errepertorio ezohikoekin eta formau intimo bategaz lurraldeko kokagune berezienetako batean.
Aurreko edizinoetan lez, jaialdiak autobus bat jarriko dau Bilbotik kolegiatan sartzea errazteko. Kontzertu egunetan 16:00etan aterako da Elkano kaletik, Moyua eta Chavarri Jauregiaren artean, eta kantaldiak amaitzean Bilbora itzuliko da. Erreserba jaialdiaren webgune ofizialaren bidez egin behar da.