Paulino Ordax 2009an joan zan Ekuadorrera eta harrezkero Los Rios probintziako Babahoyoko Eleizbarrutian bizi izan da. Hainbat egitasmotan lan egin eban, berak behin betiko bueltatu aurretik egin eban azken bisitan azaldu ebanez: “parrokian jarduteaz gainera, denporaldi luze horretan, Gizarte Pastoraltzan eta Caritasen be txertatuta egon naz, batez be, Caritas taldeak eta Kartzela Pastoraltza sustatu nahirik”.
Orain dala 15 urte inguru Ekuadorrerako bidea hartu aurretik, alkarrizketa eskaini eutsan “Alkarren Barri / Comunicación” aldizkariari. Paulinok ilusinoz beteta azaldu eban Ekuadorren hastear zan bizitzarako egitasmo barria. Barriro irakurteko: hemen.
Osasun-etxea eta Elikagaien bankua
Orain dala pare bat urte, gotzainak Quevedon dagoan Espezialitateen Osasun-etxeaz arduratzeko eskatu eutsan Paulinori. Honen esanetan, “nahiz eta pribatua izan, Eleizbarrutiarena da. Interesgarria da, gaixoei prezio oso baxuak eskaintzen deutsez-eta”. Mariaren Aurkezpena ordenako monjek Vincesen martxan jarritako sistema da.
Ordaxek, gainera, Elikagaien banku baten antzekoan be esku-hartu dau”. Zehaztu dauanez, “elikagaien banku baten antzekoa dala dinot, hornitzeko iturri nagusia ez datza-eta, gaieranko bankuetan lez, supermerkatu handien soberakinetan, Caritaseko taldeen barruan egonda, Elikagaien banku horreei lagundu egin gura deutsen familien babesean baino”. Holan, hilero, 15 dolar inguruko balioa dauan otzara emoten dabe.