22-11-2024 Viernes, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Kultura 5 Indusketa arkeologikoa Begoñan, Bizkaiko asaben bila
09.05.2024

Indusketa arkeologikoa Begoñan, Bizkaiko asaben bila

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Diputatu Nagusiak, On Joseba Segura Bilboko gotzainak eta Ignacio Fernandez Begoñako parrokoak indusketa arkeologiko eta tenpluaren balio-handitzerako egitasmoa aurkeztu dabe gaur goizean begoñako basilikan. Bizkaian, krisatu gurtzaren jatorria eta Bilbon bizitzen jarri zan lehenengo taldea ezagutzea eta lurraldeko historia eta kultura ondarea aberastea da egitasmoaren helburua. Amatxuren oinetan egon daitekez "VECVNIA' izenaz ezagututako uri indigenaren hondakinak, ustez erromatarren sasoian kolonizatua izan zan uriaren arrastoak. Uri hori existitu zala sekula baieztatu ez bada be, VECVNIAko biztanleak gaur egungo bilbotarren asaba izan daitekezala eta Artaganeko mendixkan finkatu zirala uste da. 

Egitasmoa gaur aurkeztu da eta indusketa arkeologikoa eta osoko esku-hartze arkitektonikoa egiten diran bitartean, basilikaren egungo egiteko espiritual eta debozinozkoei eustea ezinbesteko baldintza dau. Esate baterako, kultua ez eteteko, Foru Aldundiak lanak egiteko erritmoak ezarriko ditu eta gitxienez eleizaren %60ak libre egon behar dau kulturako indusketak egiten diran bitartean.

Esku-hartze hau, gertaera gogoangarri izango da Bizkaiko historia eta kultura ondarearen zaintzan, ikerketa zientifikoa sustatuz eta lurraldearen antxinako historiari buruzko ezagutza aberastuz.

Gotzainak bere berbaldian adierazo dauanez, Begoña “bere argia zabaldu dauan itsasargiaren antzekoa da, eta guk uste baino eragin handiagoa dauka jentearen norabidea gidatzean”. Beraz, jatorrietan sakontzeak “itsasargi horren garrantzi eta indarraren barri zehatzagoak emongo deuskuz. Lehenengo eta behin, Bizkaia osoari buruz, seguruenik egingo diran ikerlanek geure historiako alderdi erabakigarriak argituko deuskuzalako, baina, zalantza barik, gure mugetatik harago argi egiteko be balioko dabe”.

Indusketaren aldiak

Indusketari hasiera emon aurretik, azterketa geofisikoa egingo da, lurpeko mapa sinplifikatua sortu eta indusketaren gauzatzerako egitasmoa zehaztu eta eratu ahal izateko.

Udaldiaren aurretik ekingo jako prozesu honi; zunda sartuko da lurrazpian lekuko edo zutabe estratigrafikoa atarateko. Honi esker jakingo da ze sakoneratara dagoan lursailaren oinarrizko arroka eta ze potentzia daben gizaldiz gizaldi pilatu dan giza okupazinoaren tarteko geruzek.

Atariko aldi hau amaitu eta emaitzak aztertu ondoren, Foru Erakundeak indusketari ekingo deutso.

Ez dakigu zer aurkituko dogun hemen, baina badakigu zeren bila gabiltzan. Errespetuz, maitasunez eta hunkiduraz. Gure kristau fedeak lurraldean dituan sustrairik sakonenak bilatu gura doguz, eta gizatalde batek alkarte lez izan leikezan jatorririk zaharrenak.
Alberto Santana

Indusketak urtebete iraungo dau. Begoñako basilikaren barruan egingo da eta bere 1.100 metro karratuak lau ingurutan banatuko dira eta hiru hilabetez jardungo dabe inguru bakotxean.

Lehenengo ingurua, hegoaldeko nabean dago; bigarrena, iparraldeko nabean; hirugarren ingurua, erdiko nabearen burualdean dago eta han hiru zati legokez; azkenik, laugarren ingurua, erdiko nabeko oinetako hiru zatiez osatuta dago.

Altzariak gorde

Indusketa egiten ari diran lekua isolatu egingo da eta ezin izango da ezer ikusi eta entzun. Ezinbesteko segurtasun-neurriak hartuko dira eta aurretik kenduko ez diran altzariak -margolanak, erretaulak, e.a.- gorde egingo dira.

Aldi guztietan, indusketak egiten diharduenean, dagokion ingurua isolatu egingo da egurrezko panelakaz. Honeek ezkutatutako lekuen irudiaz serigrafiatutako lonaz estaliko dira, bisitariek eleizaren osoko ikuspuntua galdu ez daien.

Eta ikerlanek kultua eragotzi ez daien, eleiztarrak leku batetik sartuko dira eta ikertzaileak beste batetik.

Aldi bakotxeko arkitektura-lanak amaituta, zoladura barriro jarriko da eta, ikerketaren emaitzen arabera, azpiegitura arin bat jartea be aurreikusten da, etorkizunean lurpeko eremura sartzeko aukera emongo dauan zoladura mobikorra ipiniz.

Arkeologiako hamar profesional arduratuko dira indusketaz eta laguntzaileak izango dabez euren lana burutzeko.

Indusketaren ondorengo aztelanak

Indusketa amaituta, Foru Aldundiak azterlana jarriko dau martxan bertan finkatuta egon eitekean gizataldearen bilakaeraren eta Begoñako biztanleriaren osoko ezaugarriak lortzeko

Indusketari lotuta, azterlanak eta laborategiko azterketak egingo dira egindako lanetan lortutako erregistro arkeologikoa informazino historiko bihurtzeko.

Indusketaren ohiko azterlanak (estratigrafiaren, egituren eta berreskuratutako materialen azterketa) berariazko beste azterlan batzukaz osotuko dira: arkeobotanika, paleogenetika, DNA, isotopoen azterketa, besteak beste. Askotariko jakintza-arlotako espezialistek esku-hartuko dabe.

Alberto Santana, explicando el alcance de los trabajos ante el cuadro ' Milagro de Begoña´ de Mendieta