Gaurko egunez, orain dala urtebete, ospakizuna egin zan santutegian, Antonio Madinabeitiaren bizitzagaitik esker ona adierazoteko. Oroitzapenez eta hunkipenez betetako eguna izan zan eta antzeko zerbait biziko da gaur, Antonioren herioitzaren egunean.
Madinabeitia izan zan Euskal Eleizbarrutietako Misinoetako familia handiarentzat beti zabalik dagoan Abadetxean bizi izan zan alkarteko azken misiolaria.
Hogeita hamazortzi urtez egon zan misiolari lez Ekuadorren misiolari lez, aldi bitan: 1963tik 1986ra eta 1996tik 2011ra. Ezagutzen dabenen esanetan, “gizon apala, zintzoa, burutsua zan eta espiritualtasun eta fede sakonak ebazan”.
“Hitz-urria eta ekintzetan ugaria”
Horixe dinoe, besteak beste, Antonio ondo ezagutu ebenek. Gizon adeitsu eta konprometitua izan zan, bere bizitza misinoei eskaini eutsen eta, ahal eban neurrian, besteei laguntzea eban helburutzat.
Misiolari Ekuadorren
Madinabeitiak 38 urte egin ebazan Ekuadorren misiolari lez, aldi bitan: 1963tik 1986ra eta 1996tik 2011ra.
Antonio Madinabeitia, esker oneko kantua bizitzari
Orain dala hilabete batzuk, Urkiolatik joan ondoren, Antoniok alkarrizketa eskaini eutsan ‘Los Ríos’ misino-aldizkariari Joaquin Goikoetxeaundia abade-etxetik, azken hilabeteetan bizileku izan dauan lekutik:
Antonio, zenbat urte emon dozu Urkiolan?
1987an Eukadorretik bueltatu nintzanean, Bittor, Joseba, Luis, Leandro, Peli eta “exekoandrakaz” Urkiolan bizitzeko konbitea egin eusten; urte zoriontsuak bizi izan nebazan han 1997ra arte, Peli Romarategiri gogotsu lagunduz egiten ari zan beirate eta horma-irudietan.
1997an, Ekuadorretik misiolariak behar ebezala-eta egin eben deia entzun eta hara bueltatu nintzen Los Ríoseko Mata de Cacaon egoteko 2011ra arte eta orduan behin betiko etorri nintzan Urkiolara. Horixe izan dot bizileku orain dala pare bat hilabetera arte.
Ze bizimodu izan dozu Urkiolan?
Esperientzia aberats eta atsegina bizi izan dot misiolari lagunei eta “etxekoandrei” esker. Urkiola, beti izan da harrera-leku: hauxe izan da han egon garan guztion ahalegin nagusia. Otoitz egiteko lekua izan da, bakea emon deustana eta guzti horrek asko lagundu deust barruko bizitzan. Biziki eskertzen deutsadaz Jainkoari Urkiolan bizi izan dodazan urteok, sasoi horretan, beste gauza guztien gainetik, Joseba Legarzagazko adiskidetasuna nabarmentzen dodalarik.
Zelan ikusi dozu Urkiolaren eta Eleizbarrutietako Misinoen arteko lotura?
Misinoetatik etorri eta Urkiolan, etxean lez sentitzen zinan: urteen buruan, etxe honetatik laguntza eraginkorra emon izan jako Eleizbarrutietako Misinoen ibiliari. Aita Santuak dinoan lez, misino-lana, erronka da eta gaur egun Eleiza osoak bere gain hartu behar dau: gaur egun, ezinbestekoa da misino-sen hori hemen, misinoak honantz etorri dira, baina beharrezkoa da misino-bizitza beste kontinente batzuetan sustatzen jarraitzea: herri erlijiositate sakona bizi dabe, baina beste premina batzuk dabez eta horreetan arreta jarri behar dogu.
Eta orain, zelan sentitzen zara Gasteizko abade-etxean?
Ikasten ari naz. Harrera ona izan dot, baina Gasteiztik kanpo hainbeste urte emon ondoren, nahitaezkoa dot egokitzapen-aldia. Asko laguntzen dihardue eta etxe berean bizi diran kideengandik jasoten dodan laguntasuna asko eskertzen dot.
San Antonio eguneko egitaraua Urkiolan
Goizean goiz hasi dira jarduerak, baserritarrak euren postuak prestatzen ibili diralako, eguraldia lagun, jente asko hurreratuko da-eta. Orduoro ospatuko diran Eukaristiez gainera, trikitilariek girotuko dabe goiza. Ohikoa dauanez, Peñagarikako bertsolaria be Urkiolan izango da eta aurton Sustrai Colina joango da beragaz.
Zapatuz, Arratiako fededunek Errogatiba egingo dabe eta domekan errepikapena izango da.