Jorge Unda industria-injineru erretiratua Bilboko elizbarrutiko boluntarioen taldeko kide da. Bizkaiko parrokietako organoen zaintza eta barriztapenean aritzen da. Abandoko San Bizente Martiria eleizako organoaren barriztapenean esku-hartu dau.
Ze garrantzi dauka musika-tresna honek Bizkaiko organo-ondarean?
Eleizbarrutiko musika-tresnarik bikainenetakoa da. 2.636 soinu-tutu ditu, eskuzko hiru teklatu, pedal-teklatu bat eta 42 tutu-joko, bakotxa soinu desbardin bategaz. Aquilino Amezua organogileak eraiki eban 1894an eta, gero bi bider barriztatuta dago Meltzer eta Dourte organogileen eskutik.
Azken urteetan, barriztapen esanguratsuak egin jakoz. Zer ikasi da esku-hartze horreetatik?
Jatorrian, elektrizitate barik funtzionatzen eben, konplexuak dira. Horregaitik, guztiz garrantzitsua da organogile eta organo-konpontzaileen eretxi eta esperientzia kontuan hartzea, lanak ondo planifikatzeko eta musika-tresna honeen historia eta musika osotasuna errespetatzeko.
Zer lehenesten da musika-tresnok barriztatzean?
Lehenengo eta behin, liturgia erabilerarako organoa izatea eta parrokia alkarteak bere barriztapena eskatzea eta horretan konprometitzea. Bere balio historikoa eta musika-tresna lez dauan balioa be aintzat hartzen da eta kultur erabilera izatea. Bizkaian, 120 organo baino gehiago dago. Preminak, ugariak dira, baina diru aldetik muga gehiago dogu. Gaspar Martinen buru eta bost organista entzutetsu kide dituan Organoetarako Eleizbarrutiko Batzordeak jarten ditu erizpideak eta preminak lehenesten.
Martxan da esku-hartzeren bat?
Gaur egun, organo garrantzitsu bi dabilz barriztatzen, Lekeitiokoa (1856) eta Portugaletekoa (1903). Eleizbarrutiko organo esanguratsuenetako bi dira eta datozan urteetan egingo dira lanak.
Zergaitik da berezia organo erromantikoen multzoa Bizkaian?
XIX. bizaldiaren amaieran, Bizkaian ekonomia indartsu egoanean, aurretik egozan iberiar estiloko musika-tresna barrokoen ordez organo erromantikoak eraiki ziran, asko eta sko frantsesak -Cavaille-Coll, Didier, Mutin, Merklin…-. Frantziatik heldu zan lehenengo musika-tresna Lekeitioko Cavaille-Coll bat izan zan (1856). Gero, espainiar organogile erromantikoak sortu ziran, esate baterako, Amezua, Alberdi, Eleizgaray… Holan, Bizkaian estilo barrokoko sei organo dagoz Bizkaian.
Gaur egun erronka handia dogu aurrez aurre: ez dago organistarik parrokietan. Bada bultzatu beharreko ezer?
Organo eta harmoniumak piano-ikasketak egiten diharduen gazteei aurkeztu gura deutseguz, musika-tresna honeek ezagutu eta eleizkizunetan lagundu dagien, ordainsari egokia jasoz.
Organoak erabiltzen jarraitu gura daben parrokiek jo dagiela Gotzaitegira eta bideak aztertuko doguz eleizkizunak girotzeko organistak izateko bideak.






