19-11-2024 Martes, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Kultura 5 Marijesiek batu daien dirua orkestra berezi batentzat izango da
14.12.2022

Marijesiek batu daien dirua orkestra berezi batentzat izango da

Datorren barikuz, abenduak 16, Gernikan Gabonetako koplak abesten dabezan Marijesiak kalera atarako dira barriro be Gernikan sustrai sakonak dituan ohiturari berrekiteko. Goizeko lauretan dabe hitzordua eta herriko hainbat lekutan izango dira Gabonak iragarteko. Azken egunean, eguneko erronda be egiten dan egunean, dirua batuko dabe eta 'Etorkizuna musikatan' alkarteari emongo deutse. Orkestra hau San Frantzisko auzoan jarduten dauan Norai alkarteak sustatzen dau.

Pandemiak eragindako murrizketen ostean, Gernikako Marijesiek normaltasuna berreskuratuko dabe. Barikutik aurrera, kalez kale ibiliko dira Gernikan bederatzi egunez, goizaldean hasita. Urteen buruan aldaketak izan dituan ohiturari -besteak beste, taldean emakumeak sartzea- helduko deutse barriro be, urteak joan, urteak etorri, sekula aldatu ez dan ohiturari eutsiz: goizaldeko lauretan batu.

Joan dan astelehenez egin eben azken entsegua Andra Mari eleizan.

https://twitter.com/DiocesisBilbao/status/1602398935854841858?s=20&t=j4wtLA9vuKeIMHqWFZdZhw
https://www.youtube.com/watch?v=NlT-zWIm35A&t=7s

Marijesien historiari buruzko pelikularen trailerra

`Etorkizuna Musikatan´

2021ean lez, Marijesiek aurton batu daien dirua hainbat kulturatako ume eta gaztetxoak batzen dituan orkestrari emongo jako. Iñaki Uribarrena taldekidearen esanetan, “pandemia zala-eta, iaz ezin izan genduan azken errondan abestu eta bakarrik 9:00etako mezan batu zan dirua. Aurton hilaren 24ko hirugarren eta azken erronda berreskuratuko dogunez, batu daigun dirua alkarte horren esku itziko dogu”.

‘Etorkizuna musikatan’ alkarteak talde-musikaz baliatu gura dau pobretasunaren, gizarte bazterketaren eta ahuleziaren aurka borrokatzeko. Kulturaren eta taldeko musika-ikaskuntzaren ahalmena aldarrikatu gura dabe, integrazinorako eta gizarte eraldaketarako tresnatzat hartuz. Hainbat kulturatako ume eta gaztetxoentzako ekimena da eta Ibaiondo barrutian, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan kokatzen da. Eurekaz integrazinoa eta gizarte-hezkuntza sustapena egin gura da, ahuleziaz betetako testuinguruetan gizarte eraldaketa ahalbideratuko daben umeen orkestrak eratuz. 

Marijesiak Andra Mari parrokian errondak hasi aurreko azken entsaio orokorra egiten