Barriak
Etiquetado como: Lekeitio
Bizkaiko txinatar neskato eta mutiko katolikoak, kanpamentu 'berezian'
Zazpi eta hamabost urte bitarteko 21 neska-mutikok kanpamntu aberasgarrian parte hartzen dihardue abuztuaren 5etik 14ra, Berrizko Barnezabal aterpetxean. Esperientzia bikaina bizi izateko aukera emon gura jake mutil eta neskei eta, horretarako, "askotariko jarduerak antolatu dabez fedean zein garapen pertsonalean hazi daitezan", Bizkaiko txinatar alkarte katolikoari laguntzen deutsan abadeak azaldu dauanez. Euren herrialdean jazarrita badagoz be, eleiztarrok euren fedea ospatu egiten dabe. Hain zuzen be, aita santuak asiar herrialde hau bisitatu gura dauala adierazo dau.
Goiuriak betikotu egin dau Andra Mariaren irudiaren prozesino eta lekualdatzea
Orain dala gizaldi batzuk hasitako ohitura barritu eben atzo Goiurin. Goiuriko Ama Birjinaren irudia lepoan hartuta eroan eben urte osoan egoten dan ermitatik Iurretako San Migel parrokiaraino. Prozesinoan, eleiztarrek arrosarioa errezatu eben eta Andra Mariari eskainitako hainbat kanta abestu zan. Jesus Zamalloak lagunduta egin eben Hitzaren ospakizuna eleizan. Gaur emon deutse hasiera hirurrenari eta abuztuaren 14a egun berezia izango dala iragarri dabe. Parrokiako abesbatzak Jose Maria Miangolarra goiuritarrak konposatutako Salbea estreinatuko dau eguerdiko 12:00etako mezan. Abuztuaren …
Gaurtik aurrera, "Artearen ibilbidea", Artzentalesen
Gaur hasi eta abuztuaren 19ra arte, Artzentaleseko kaleetan hainbat artelan ikusi ahal izango da. BBKren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren ekimen hau herriz herri dabil. Maiatzean, Bilbon hasi zan erakusketa ibiltari honetan, haurtzaroko pasarteak eta pasarte erlijiosoak ikusi daitekez.
Artelan barri bi Durangoko Arte eta Historia Museoan
Durangoko Arte eta Historia Museoan 1.050 artelan inguru dago - batez be grabatuak- eta beste bi gehituko jakez laster. Museoko arduradunek jakitera emon dabenez, herribilduari lotutako artelan bi eskuratuko dabez: 'Artekale', Angel Larroquerena (Bilbao, 1874-1961) eta "Andra Maria", Alfonso W. Sena Manterola donostiar artistarena, Oiz-Anboto Pastoral Barrutiko basilikan inspiratuta.
Musika klasikoa Gizakunde eleizan
Bilboko udalak Aste Nagusirako egitaraua ezagutzera emon eta banatu dau euskarri digitalean eta paper-euskarrian. Aitatutako egitarau hori www.bilbao.eus udalaren webean kontsultatu edo jatsi daiteke euskarri digitalean. Gizakunde eleizan musika klasikoko zortzi kontzertu ospatuko dira, mundu osoko bakarlari, abesbatza eta orkestrak jardungo dabelarik arratsaldero, abuztuaren 17tik 24ra, 20:30etatik aurrera.
Erruki-etxearen zaindariaren eguneko argazkiak
Bilboko Erruki-etxearen 250. urteurrena ospatzen danean, bertan bizi diranek, euren senideek eta langileek Santi Mamiren eguna ospatu dabe, jai luturgikoaren ondorengo barikuz ohikoa danez. Hasteko, meza ospatu dabe Jesus Llarena abadea buru, eta 'Erruki-etxeko umeek' lepoan eroan dabe Santi Mamiren irudia. Agintarien agurraren ostean, omenaldia egin deutse Erruki-etxearen historiako aldi batean edo bestean batzordeko kide izan diran 455 lagunei. Ekitaldiari amaiera emoteko, Bilboko Udal Bandak jardun dau eta bertaratutakoek kopau bat hartu dabe.
Klaratarren Bizkaiko alkarte biek eleiztarrakaz ospatuko dabe euren eguna
Datorren domekaz, abuztuak 11, Asisko Santa Klara monja frantziskotar edo klaratarren fundatzailearen eguna ospatuko da. Bizkaian, klaratarren Gernikako komentua itxi ondoren, lurraldeko komentu bitan eusten deutse bizirik italiar santaren garrari, hain zuzen be, Basurtuko klaratar kaputxinoek eta Durangoko klaratarrek. Hauxe da, gainera, klausurako komunidaderik jentetsuena, 14 monja bizi dira-eta bertan.
Ekuadortarren debozinoa "Virgen del Cisne" dalakoari
Bizkaian dan Hego Amerikako alkarte katolikoak gaur emon deutso hasiera 'Virgen del Cisne' dalakoaren bederatziurrenari; jaieguna, abuztuaren 17an izango da. Aurretiko Eukaristiak Miribillako Santa Maria Josefa parrokian ospatuko dira. Ekuadortarrek debozino handia deutse Ama Birjina honi eta Bizkaian bizi dan lagun askol otoitz egingo dau egunotan bere irudiaren aurrean. Deitura hau dauan Andra Mariaren leku nabarmenena Lojan (Ekuador) dago, 1954an bertoko indigena batzuei agertu jakela esaten da-eta.
Elorrio eta Lekeitioko monja domingotarrek euren eguna ospatzen dihardue
Elorrioko Santa Ana komentuan bizi diran 11 monjek eta Lekeitioko Santo Domingo komentuan bizi diran 11ek euren fundatzailearen eguna ospatzen dihardue gaur. Lekuko kristau alkarteagaz batera ospatzen daben egun berezia da. Hori dala-eta, Eukaristia amaitzeaz batera, "hamaiketakoa" eskainiko deutse eleiztarrei. Juanito Gallastegi abadea izango da buru Elorrioko komentuan goizeko 11:00etan ospatuko dan eleizkizunean eta Lekeition, Jose Agustin Maiz buru dala eta Ernesto BIlbao klausurako komentuetarako idazkaritzako zuzendaria alkar-meza ospatzen dala egingo dabe eleizkizuna 11:30etan.
Ez dago txartelik Begoñako Kofradiak antolatutako itsas prozesinorako
Abuztuaren 14an, itsas prozesinoaren IV. ekitaldian, Begoñako Andra Mari erromesa eroango dauan itsasontziaz gainera, beste hiru itsasontzi joango dira eta ez ohiko biak. Javiera Diago Begoñako Kofradiako presidenteak goizean izan dan agerraldian adierazo dauanez, eskainitako 240 lekuak bete egin dira eta "datorren urteko prozesinorako bosgarren itsasontzi bat pleitatzeko aukera" aztertzen dihardue. Une honetan, jentea dago itxarote-zerrendan eta dei egiten deutse itsasontzi pribatua dabenei antolatzaileakaz hartu-emonean jarri daitezan prozesinoko bandera bereizgarria emon deieen.