Barriak
Etiquetado como: Ondaregure
Eleizako erakundeak lana eta familia benetan bateragarri egitearen alde
Bilboko Eleizbarrutiko Langile Pastoraltzak bere egin dau Eleizako hainbat erakundek maiatzaren 1a dala eta kaleratu daben agiria. Oraingoan, Eleiza Gizalegezko Lanaren alde ekimenetik hauxe aldarrikatu dabe: "ezinbestekoa da langileak zaintzea, lana eta familia benetan bateragarri egingo daben politikak sustatuz". Zehatz-mehatz, "lanaldiaren murrizketari begira", gizarte alkarrizketak aurrera egin beharko leukela dinoe.
Misino-eguna bihar, Urkiolan
Maiatzaren 1ean, aspalditikbatzen dira Urkiolan Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Eleizbarrutietako misiolari eta lagunak. Gauza bera egingo dabe bihar eta, besteak beste, Ekuadorren 15 urtetik gora emon ondoren, Eleizbarrutira bueltatu diran Benjamin Respaldiza eta Paulino Ordaxen lekukotasunak entzungo dabez.
Asteburuan, Eleizbarrutian izan diran ekitaldien argazkiak
Bokazinoen aldeko Otoitzaldia Begoñako basilikan, Laiko-komunidadeen Mahaiaren Batzar Nagusia, Misiolari Klaretarren sorreraren 175. urteurrena Bilboko Mariaren Bihotza parrokian eta "Junior eguna" Artxandape Pastoral Barrutian, horra hor, asteburuan Eleizbarrutian ospatu diran ekitaldietako batzuk. Ondoren, ekitaldi horreetako argazkiak eta beste hainbat jarduera aurkeztuko doguz.
Otoitzerako erretiroak Barnezabalen eta Suesako monasterioan
Abandoko San Bizente Martiria eta San Frantzisko Xabier parrokietako 19 helduk otoitzerako erretiroa ospatu dabe Suesako monja hirukoiztarren monasterioan, Belen Roderok lagunduta. Beste alde batetik, Sestao Pastoral Barrutiko (PB) talde batek erretiroa egin dau Berrizko Barnezabal gogarte etxean.
Barruan Begoñako Ama Birjinaren irudia eban botilaren iritsieraren 75. urteurrena ospatu dabe Almacigan
Gaur bete dira 75 urte barruan Begoñako Ama Birjinaren irudia eban botila Tenerifeko Almacigako kostaldera heldu zanetik eta asteburuan ospatu da kanariar herri txiki honetako biztanleentzat mugarri izan zan urteurren hori. Kerman Lopezek parte hartu dau ospakizunetan.
"Goibeltasunean itxaropena zabaldu", domekako Gaixoaren Pazkoaren egunerako goiburua
Maiatzaren 5ean, Pazkoaldiko VI. domekaz, Gaixoaren Pazkoa ospatuko da. Parrokia alkarteak egun horren inguruan hurreratzen dira gaixoengana, euren senideengana eta osasun arloko profesionalengana, eurakaz eta euren alde otoitz egiten dabe eta Gaixoen oliaduraren sakramentua emoten da. Ospakizun honek, otsailaren 11an Gaixoaren Munduko Egunagaz hasitako kanpainari amaiera emongo deutso. “Hareen dolua alaitasun bihurtuko dot, atsekabearen ondoren kontsolatu eta alaituko” (Jer 31, 13) gaiaren inguruan eta "Goibeltasunean itxaropena zabaldu" goiburuaren haritik ospatu da.
Eleizbarrutiko ordezkaritza Migrazinoetarako Pastoraltzaren jardunaldietan, Madrilen
"Alkarte abegitsu, barneratzaile eta misiolariak" eraikiz goiburuaren haritik ospatu dira asteburuan Madrilen migratzaileakazko pastoraleko ordezkari eta eragileen XLIII jardunaldiak, Gotzainen Batzarreko Migrazino eta Giza Mobikortasunerako Gotzain Azpibatzordearen barruan dagoan Migrazinoetarako Sailak antolatuta.
Ekologiari buruzko bideo-foruma Gurutzetan
Ekintza Katoliko Orokorra (EKO-ACG), Gazteria Langile Katolikoa (JOC) eta Ekintza Katolikoko Langile Ermandadea (HOAC) mobimentuko berrogeta hamar lagun inguruk parte hartu eban barikuz "La Carta. Un mensaje para nuestra tierra" dokumentalaren inguruko bideo-forumean. Ekitaldia Gurutzetako Mariaren Bihotz Orbangabea parrokian izan zan, Errekarte Pastoral Barruti (PB) osoari zuzenduta eta HOAC mobimentuko Barakaldoko hainbat militantek be bat egin eban jardueragaz.
Eleizbarrutiko asteko barriak
Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org
Ana Belen Garciak eta Luken Munguirak emongo deutse hasiera Durangoko organo-jaialdiari
Gaur arratsaldez hasiko da Durangoko organo-jaialdiko lehenengo kontzertua eta bertan Ana Belen Garcia organistak eta Luken Munguira tenoreak jardungo dabe, 20:15etan, Uribarriko Andra Mari basilikan. Sarrera doan (pantaila jarriko dabe kontzertua ikusteko).