Barriak
Etiquetado como: Kidenda
Marije Calvok eta Edith Ulloak gidatuko dabe misino-jardunaldia Berrizen
"Bategitearen espiritualtasunetik kulturarteko lokarriak eratuz" goiburua dau Berrizko Mesedetako Misiolariek urtero antolatzen daben misino-jardunaldiaren aurtengo ekitaldiak. Marije Calvo, monja pasiotar eta Karidade eta Zuzentasunerako Eleizbarrutiko Ordezkaritzan dagoan migrazinoetarako saileko arduradunak eta Edith Ulloa Loiola zentroko kideak sustatuko dabe saioa eta esperientzien mahaia be egingo da. Izena emoteko: 681 215 481 edo: info@barnezabal.org
Mezak Elorrioko basilikatik ETBn
Sortze Garbia basilikatik emongo dira domekako mezak euskaraz euskal telebista publikoan (ETB1). Baslika eder honetatik eskaini ziran urtarrilaren 6ko -Jaunaren Agerkundea- eta urtarrilaren 7ko -domeka- mezak be. Iñaki Jauregi parrokoa izango da buru gaur grabatu eta bihar eskainiko dan Eukaristian. Datorren domekaz, Juanito Gallastegi abadea izango da buru. Sor Carolina monjak joko dau organoa, gaixorik dan Jesus Ayerra organista titularraren lekua hartuz. Itziar Landaburuk zuzentzen dauan parrokiako abesbatzak lagunduko dau kantuakaz.
"Sorolla eta erlikiak" erakusketa ikusteko azken egunak
Urtarrilaren 31ra arte ikusi daiteke "Sorolla eta erlikiak" erakusketa Eleiz Museoan. Aukera ederra da Joaquin Sorolla margolariaren margolan bikain bi ikusteko eta, parean, berrogeta hamar gauzakiren bidez, "artea eta erlijiositatea alkartzen dituan eremuan sartzeko: erlikiak eta erlikia.ontziak", Eleiz Museoko arduradunek azaldu dabenez. Museo honek, Bilboko Arte Ederren Museoaren laguntzagaz, bat egin dau Joaquin Sorollaren heriotzaren (Valentzia, 1863-Cercedilla, Madril, 1923) mendeurreneko jarduerakaz.
Eleizbarrutiko lau abadegairen diakonogintza
Lau abadegai diakono ordenatuko dira -abadegintzaren aurreko urratsa emonez- urtarrilean eta otsailean. Marco Antonio Muñoz Castroren diakonogintza, urtarrilaren 27an, zapatuz, izango da 19:30etan, Plentziako Andra Maria Magdalena parrokian. Otsailaren 3an, Mario Fernando Diaz Bravo eta Gorka Campos Saez de la Fuente diakono egingo dira Begoñako basilikan eguerdiko 12:00etan eta otsailaren 10ean, Juan Reyero Pontes ordenatuko da diakono Durangoko Andra Mari basilikan, 12:00etan.
Teresiar Instituzinoaren mendeurrena Bizkaian
Aita Santuaren onarpenaren mendeurrena dala-eta, Teresiar Instituzinoak deialdia egin deutse gaur egungo ikasleei eta ikasle ohiei, laguntzaile, senide eta adiskideei, bihar -urtarrilak 11, eguena-, Alex Alonso IV. bikaritzako lurralde bikarioa buru dala, Santiago katedralean 19:00etan ospatuko dan esker oneko Eukaristian parte hartu daien.
Bateo-agirien eskaera Artxiboan
2022ko urrian indarrean sartu zan eta oraindik indarrean dan Oroimen Demokratikoaren Legea dala-eta, Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboan bateo-agiriak eskatzen dabez orain be atzerritik. Lege honi esker, gure kasuan, Bizkaian jaiotako aitite-amamak edo birraitite-birramamak dabezala, eta dalako une batean atzerrira joan behar izan ebela, ziurtatu leikienek herritartasun bikotxa jadesteko aukera dabe. 1870ean Erregistro Zibila sortu zan arte, errolda bakarra sakramentu-liburuetan datza, sasoi haretan danak bateatzen ziralako.
Domekaz ospatuko da 'Ume misiolariak' jardunaldia
"Nazana banatzen dot" goiburuaren haritik ospatuko da domekaz -urtarrilak 14- 'Ume misiolariak' jardunaldia. Feli Martin Misinoetarako Eleizbarrutiko ordezkariak egun honetarako idatzi dauan gutunean azaldu dauanez, "dei egiten jake neskato eta mutikoei dirana banatu daien eta pertsonen eskura jarri daiezan talentuak eta bizitza". Kanpainaren inguruan gehiago jakiteko: hemen
Ministerio Ordenatuko kideentzako gogo-jardunak
Bihar hasiko dira Ministerio Ordenaturako kideek egiten dabezan gogo-jardunen txanda biak (gazteaniaz eta euskeraz). Oraingoan, txanda biak Larreako Gorarte Etxean (Zornotza) ospatuko dira barikura arte -urtarrilak 12-. Lontzo Zugazaga eta Miguel Angel Esnaola Eleizbarrutiko abadeek zuzenduko dabez, hurrenez hurren, euskerazko eta gaztelaniazko gogo-jardunak. Datorren ostean ospatuko dira Madrilen gotzainentzako gogo-jardunak be, Gotzainen Batzarrak antolatuta, eta On Joseba Segura Bilboko gotzaina be bertan izango da.
“Danok bizi izan doguz 'agerkundeak', egoerak argi barriak ikusarazo deuskuezanak”
On Joseba Segura Bilboko gotzaina buru izan da eguerdiz Santiago katedralean ospatu dan -web orrialde honen bidez zuzenean eskaini da- Agerkundearen eguneko eleizkizunean: hemen. Gotzainak homilian azaldu dauanez, Agerkundearena, urteko jairik ederrenetakoa da eta berba horrek agerkunde bizi edo sendoa edo esperientzia bizi edo sendoa adierazoten dau eta danok izan dogu holakoren bat bizitzan.