26-04-2024 Isidoro, obispo y doctor
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eleizbarrutiko barriak minutu baten
21.05.2023

Eleizbarrutiko barriak minutu baten

Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org

Astean web orrialdean iragarri dan Jakinbide liburu-dendaren web barriaren ingurukoakaz emon jako hasiera sailari.

Web orrialdea barritu ondoren, liburu-dendak online eskainiko ditu eskuragai dituan liburu eta gainerako produktu guztiak.

2023a, gainera, urte berezia da liburu-dendarentzat, Urrezko Ezteguak ospatzen ditu-eta. Jakinbide Eleizbarrutiko liburu-denda Bizkaiko kultur eremuko atal da 1973tik hasita. Bilbon dagoan eta egoitza bat baino gehiago izan dauan liburu-denda honek aparteko zerbitzua eskaintzen deutso kristau alkarteari, erlejino eta gizarte gaiko liburu eta agerkarien zabalkundearen bidez, arlo honetan erreferente dalarik.

Eleiz Museoak be barritu dau bere web orrialdea eta horren ingurukoak azaldu dira bizkeliza.org webean.

Eleiz Museoaren web orrialde barrituan, Eleizbarrutiko Donejakue bideko erretaulak, ermitak edo eleizak ezagutzeko aukera dago. Horrezaz gainera, hitzordua egin daiteke «Atxuriko abadia» ihes-aretoan sartzeko. 

Eleizaren Sostengurako Jardunaldiak

Web orrialdean jakinarazo danez, Eleizbarrutiko ordezkaritza izan da Madrilen Eleizaren Sostengurako II. Jardunaldietan.

Gotzainen Batzarrean arlo honetako arduradun dan On Joseba Segura Bilboko gotzaina buru dala ospatu da hainbat ekitaldi.

Bikario nagusiak, komunikabideetarako saileko zuzendariak, gerente-ekonomoak eta ekonomia-gaietarako batzorderako gotzain ordezkariak osatu dabe Eleizbarrutiko ordezkaritza.

Ministerio ordenado

Begoñako Gogarte Etxean ministerio ordenaturako idazkaritzaren eskutik ospatu dan erretiroa be web orrialdearen azalean agertu da.

Eleizbarrutiko diakono eta abadeek 2022-23 kurtsoko azken erretiroa ospatu eben Begoñako gogarte etxean, Ministerio Ordenaturako Idazkaritzak antolatuta. Jose Angel Egiguren frantziskotarrak gidatu eban saioa eta Mendekoste Egunaren inguruan jardun eban.

Gaixoaren Pazkoa

Minutuko laburpen honetan, Kerman Lopez bikario nagusia buru zala, Begoñan ospatu zan Eukaristia be agertzen da. Gaixoaren Pazkoari lotutako eleizkizun hau zuzenean emon zan Eleizbarrutiaren Youtube kanaletik.

Gaixoaren Pazkoaren inguruko ekitaldien artean, Javier Vitoria abadeak “bere aurpegiak liluratuta, lagun egin daigun bizia ugari izan daien” gaiaren inguruan jardun eban Bilboko Joan Santuak eleizan eta horren barri be emon da web orrialdean.

Jose Angel Ubieta

Gertaera nabarmen biren aurrerapena be egin da webean.

Alde batetik, Eleizbarrutiak Jose Angel Ubieta Eleizbarrutiko abadeari egingo deutsan autorpena.

Ubietak, Bizkaiko abadeen artean zaharrenak, Eleizbarrutiak zazpi hamarkada honeetan bizi izan dituan gertaerarik aitagarrienetan eraginkortasunez parete hartu dau.

Bestetik, Kultur Erakundeen Bilboko Eleizbarrutiko Mahaiak antolatuta, maiatzaren 31an ospatuko dan Gizarte Komunikarideen inguruko jardunaldia.

‘Bihotza berbaz – Comunicar con corazón en tiempos de IA’ goiburuaren haritik, mahai-ingurua ospatuko da eta bertan komunikazinoaren, Eleizaren, zientziaren, filosofiaren eta heziketaren eremuko pertsonek parte hartuko dabe. Jakin-mina daben guztiek izena emon leikie

Musika eta alkartasuna

Eta barrien laburpen honi amaiera emoteko, beste bi: Barakaldo Pastoral Barrutiko (PB) taldeetako gazteez osatutako ‘Deadar’ taldeak ‘La cuadri del hospi’ dalakoaren alde antolatutako azoka solidarioa eta Mar Vaque organistak Karmelo eleizan eskainiko dauan kontzertua “Bilbao hiria” jaialdiaren barruan. 

Hauxe da Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak minutu baten laburtuta