01-12-2024 Domingo, I semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 “Batzuetan, Eleizak eta gazteek hizkuntza desbardinak darabilguz eta ez dogu alkar ulertzen”
15.02.2023

“Batzuetan, Eleizak eta gazteek hizkuntza desbardinak darabilguz eta ez dogu alkar ulertzen”

Atzo -martitzena- Toño Casado Salamancako abadeak jardun eban Bilboko Corpus Christi parrokian, "Jomuga dogun Eleiza" hitzaldi sailean. "Abian dan Eleizak batez be gazteenei eskaintzen deutse arreta" gaiari buruzko berbaldia eskaini eban. Hizlari bikaina izanda, hasiera-hasieratik erakarri eban jentearen arreta. Berba-jario ederraz, originaltasunez eta musikaz baliatuz pozik itzi ebazan bertaratutakoak.

Casadok 51 urte ditu, Madrileko Pilareko Ama parrokian lan egiten dau eta bizi da. Eremu erlijiosoan dago eta, gainera, artista da. Zortzi disko argitaratu ditu, 3 musikal be egin ditu -horreetako bat Vatikanoan estreinatu zan-, “La vecina de Jesus” liburua idatzi dau -bosgarren argitaraldia kalean da- eta orain Espainia osoan, katedral eta tenpluetan, antzezten diharduen  “Via Crucis” musikalean sartuta dago buru-belarri.

Casado, Anton Rey Corpus parrokiako parrokoa eta La Pureza ikastetxeko monja bi

Gaztetatik izan eban bokazino artistikoa. Berak azaldu dauanez, “abade naz eta nire abade- eta arte-bokazinoa batera sortu ziran. Nire artelanek Jainkoagaz, Jesusegaz bat egiteko bide izan gura dabe.Egin dituan lan gehienak, erlijiosoak dira, baina beste hainbat arlotan be esku-hartu izan dau, esate baterako “Los Javis” dalakoakaz, “La Llamada” pelikulan.

GME/JMJ

Gazteen Munduko Egunaren (GME) hainbat ekitalditan parte hartu dau eta uda honetan be Lisboara joango da bere parrokiako gazteakaz. Bere ustez, non ospatuko dan kontuan hartuta, ekitaldi jentetsua izango da. Casadok hainbat abesti konposatu dau topaketa honeetarako eta saioak be gidatu izan ditu eta hainbat emonaldi eskaini. Joan Paulo II.a, Benedikto XVI.a eta Frantzisko azken hiru aita santuak ezagutu ditu eta azkenagaz buruz buru be egon da. 

Atzoko berbaldian, Casadok gazteen munduaz hitz egin eban, hau da, “gazteen gaur egungo errealidadeaz”. Lehenengo eurengan arreta jarriz eta, gero, Eleizagaz daben loturan: “Egia da gaur egungo gazteak eta orain dala 20, 30 edo 30 urtekoak ez dirala bardinak, asko aldatu dira euren lehentasunak. Gazteen munduak egundoko aldaketa izan dau, ez dinot onerako edo txarrerako, baina bai aldaketa nabarmena izan dala”. 

Bere esanetan, Eleiza bidea aurkitzeko saiakeran ari da, baina, batzuetan, nahiko galduta dabil. Sormena be aitatu eban: “betiko sormena, Espiritu Santuarena; jarraituko ahal dau guregan eraginez eta gauza barriak egingo ahal ditu gazteengana hurreratu gaitezan. Argi egingo ahal deusku batez be hizkuntzan, izan be, hizkuntza desbardinak doguz eta ez dogu alkar ulertzen, eta gauzak korapilatu egiten jakuz. Frantzisko Aita Santua ari da bidea zabaltzen gaur egungo kulturaren eremuan txertatu ahal izateko”.

Toño Casado