30-12-2024 Lunes, semana - navidad
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Alkarkutxak 50 urte bete ditu
10.05.2023

Alkarkutxak 50 urte bete ditu

"`Alkarkutxa’ parrokia arteko alkartasuna gauzatzeko bidea da", aldarrikatu eban oraintsu Jose Miguel Erdozain Eleizbarrutiko ekonomoak ekonomia arloko boluntarioen aurrean, Bilboko Karmeneko Ama parrokiako areto nagusian ospatu zan ekitaldian. La Caja Diocesana de Compensación-Alkarkutxak Urrezko Ezteguak ospatzen ditu aurton. Izan be, 1973an sortu zan Bilboko Gotzaitegiaren erakunde lez eta une horretan hauxe zan bere helburua: "Gotzainen Batzarretik etorritako bitartekoak, eta parrokien eta pastoral eskualdeen ekarpenak eta eleiz gizonen eta laikoen emote pertsonalak, administratzea. Eta eleiz gizoneen eta pastoral eragileen aldeko ordainketak eta, Ondasunen Kristau Banaketaren senetik, beharrizanean dagozan parrokien aldeko izendapenak banatzeko eskumenakaz".

Sasoi haretan Bilboko gotzain zan Mons. Añoverosek sinatu eban 1973an Caja Diocesana de Compensación-Alkarkutxa sortzeko agindua. “Alkarkutxa”, besteak beste, parrokiek euren sarreren arabera egiten dabezan ekarpenez hornitzen da. Eleizbarrutiko gerentearen esanetan, “Eleizbarrutian dogun indarra, aktiboa da eta bere garrantzia nabarmendu egin behar dogu”.

Mónica Gortazar da “Alkarkutxako” gaur egungo arduraduna. Aurretik, Juanan Azkaratek eta Jose Miguel Gandiaga abadeak izan eben kargu hori. “Alkarkutxaren” historiako izen nabarmenak dira eta eurakaz batera, Estibaliz Pertika, Eleizbarrutiko administrazinoan eta bikaritzetako beste hainbat lagun. Neurri batean edo bestean, guztiak arduratu dira hiru alderdi nagusiez: abade eta pastoral eragileentzako sarrera duinak bermatu, abade-etxeei eutsi eta beharrizanean dagozan parrokiei lagundu obrei aurre egin ahal izateko.

Monica Gortazar
Monica Gortazar

Gortazarrek azaldu dauanez, Alkarkutxare sarreren jatorria, parrokia guztien ekarpena da, “mailakako sistemagaz, bakotxaren sarrera-mailaren arabera”.

Zerbitzuak ospitaleei, dohaintzak abadeei… horra hor finantzaketaren %65a lortzeko bide dan beste hainbat iturri. Gainerakoa, Eleizbarruti arteko Baterako Funtsetik osatzen da.

Parrokia arteko Laguntzarako Funtsa (FAI)

Hau be bitarteko garrantzitsua da Eleizbarrutian: “diru-soberakinak dabezan parrokiek Eleizbarrutian gordailutzen dira eta parrokiei zuzendutako maileguetan bideratzen doguz, obrak ordaintzen laguntzeko, bietan interes-tasa bera ezarriz”.

Gortazarren esanetan, “Alkarkutxa, abade eta eragileek soldata zuzena jasotzea, abade nagusiak euren erretiroan ondo zainduta egotea eta lurralde osoan parrokiei eustea ziurtatzeko era da. Tartean, jente gitxi bizi dan lekuetan eta, ondorioz, sarrera gitxiago dabezanak”.

Alkarkutxaren erabagiak, Bikario Nagusiak, Gerenteak, Kudeatzaileak eta zazpi bikaritzen ordezkari banak osatzen daben Batzorde Iraunkorrak hartzen ditu. Batzorde honek parrokiei emondako FAI laguntza eta mailegu guztiak aztertu eta onartu egiten ditu.

Caja Diocesana de Compensación-Alkarkutxaren kurtsoko azken batzarra ekainaren 21ean izango da.