22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 ‘Arizmendiarreta’ saria Caritas Bizkaia erakundearentzat
19.04.2024

‘Arizmendiarreta’ saria Caritas Bizkaia erakundearentzat

Datorren astelehenez, apirilak 22, Markina-Xemeingo Barinagako elizateko Iturbe baserrian gertatu zan Jose Maria Arizmendiarrieta abadearen jaiotzaren urteurrena ospatuko da. Hori dala-eta, Arizmendiarrieta Kristau Fundazioak abadearen aparteko gomuta egingo dau. Beneragarriaren kristau humanismoan oinarrituta, inklusinoa, parte-hartzea eta antzeko balioak ezartzen dabezan enpresa eta erakundeak nabarmenduko dira. Irabazi-asmo bako erakundeen artean, Caritas Bizkaia erakundeari emongo deutse saria. Ingeteam autortuko dabe enpresen arloan. Ekitaldia goizeko 9:00etan ospatuko da Deusto Business Alumni dalakoagaz batera CRAIn antolatutako gosarian. 

Eleiz erakundeari eta Ingeteam enpresari emongo deutse Arizmendiarrieta Sariak Bizkaia 2023 autormena, Deustuko Unibertsitateko CRAIn ospatuko dan ekitaldian. Egun horretan, hain zuzen be, 109 urte beteko dira altarara goratzeko prozesuan dan abadea jaio zanetik. 

Bizkaiko hainbat erakunde publiko eta pribatuetako 14 lagunek osotu dabe epaimahaia. Caritas Bizkaia erakundeari dagokionez, zera baloratu dabe: “askotariko egitasmoetan laguntzen diharduen 1.900 boluntario kudeatzeak dakarzan zailtasunak. Horretarako, euren beharrizanetara egokitutako berariazko bitarteko digital ugari garatu izan dabe”.

Juan Manuel Sinde Arizmendiarrieta Fundazinoko presidenteak nabarmendu dauanez, Ingeteam enpresari beste hau autortu jako: “enpresa kudeatzeko era, pertsonak aintzakotzat hartuz eta, zehatz-mehatz, kulturaniztasuna ondo kudeatuz”.

Arizmendiarrieta Sariak Bizkaia 2023. Epaimahaia
Arizmendiarrieta sariak ebatzi dituan epaimahaia eta, erdian, presidentea

Altarara goratzeko prozesua

2015ean Frantzisko aita santuak Jose Maria Arizmendiarrieta abadea Beneragarri izendatu ondorengo urratsak -dohatsu egitea- “zientziaren azalpenetik harago dagoan aparteko gertaera behar dau”, Dino J.M. Sindek.

Bere izena daroan Fundazinotik etenbarik dihardue haren irudi eta legatuaren barri emoten. 2025.eko abenduaren 15ean hasiko dira Beneragarri izendatu izanaren 10. urteurreneko ekitaldiak eta 2026.eko azaroaren 19an amaituko dira, bere heriotzaren 50. urteurrenean.

Datorren domekaz, apirilak 21, mezak ospatuko dira Arizmendiarrietaren oroimenez, Markinan eta Arrasaten.