20-04-2024 Sábado, III semana - pascua
Bizkeliza 5 Kultura 5 Arrieta, Agate Donea, Santa Marina eta Munarri, Ondarearen Jardunaldietan
20.10.2023

Arrieta, Agate Donea, Santa Marina eta Munarri, Ondarearen Jardunaldietan

Urrian ospatzen ari dira Ondarearen Europako XXIII. Jardunaldiak Bizkaian. "Ondarea bizirik, patrimonio vivo, patrimonio inmaterial", goiburuaren haritik, Bizkaiko Foru Aldundiak, aurton, kultur egitarau zabala garatzen dihardu. Esate baterako, 152 dira egindako proposamenak eta 257 jardueratan -berbaldi eta solasaldiak, erakusketak, aspaldiko lanbideen erakusketak, bisita gidatuak, ibilbideak, antzezpenak, tailerrak, daztatzeak eta kontzertuak- banatuta dagoz. Agenda kontsultatu eta lekuak gordeteko: www.ondareabizkaia.eus

Datorren domekaz, urriak 22, hilaren 8an gidatu eban bisita errepikatuko dau Juan Manuel Gonzalez Cembellin Eleiz Museoko zuzendariak: “Santa Marinatik Munarrira: landa-eremuko emakume eta jenteak”. Partaideak Urdulizeko Santa Marina eleizatik Munarriraino -harri honetatik bedeinkatzen ziran soloak- joango dira.

Bihar -urriak 21, zapatua-, bisita gidatua egingo da Arrietako eleizan. Libe Fernandez de Torronteguik eta Arrietako auzotar bik kanpantorrearen eta kanpaien hizkuntzaren gorabeherak azalduko dabez. Egun berean, Iurretan, kanpai-deiei eta honeen esangurei buruzko berbaldia eta proiekzinoa izango dira.

Bihar, gainera, “Ermita mitikoa” bisitan, Getxoko Rotaetxeko Santa Coloma ermita ikusteko aukera izango da. Berangogaz muga egiten dau erakin berezi honek eta Errotaetxe baserriarena zan, baserri, ermita eta errotak jabetza bakarra osatzen ebelarik. Ibilbide gidatuan, bere sorreraren eta Santa Colomaren inguruko kondaira ezagutzera emongo da eta Getxon eta inguruetan XX. gizaldiaren erdira arte bizirik iraun eban eta oran desagertuta dagoan errota-industriari buruz ezagutzen dana azalduko da.

Urriaren 22an, domekaz, ibilaldi gidatua egingo da Agate Donearen bideetatik Juan Santamariaren eskutik (8 km. inguruko ibilbidea asfaltatutako errepidetik, joan-etorria eta aldapakaz).

Urriaren 23an, martitzenez, ahozko historiari buruzko tailer eta berbaldia ospatuko dira Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboan, “Gogoan izateko kontatu egingo deutsugu” izenburuaren haritik eta Anabella Barroso Artxiboko zuzendariaren eskutik.

Gehiago jakiteko eta izena emoteko