Urteak joan, urteak etorri, abadeak hainbat belaunalditako auzotarrei laguntasuna, konpromisoa eta zerbitzuzko bokazinoa eskeini izan deutse, arrastoa itziz jardun izan dauan alkarteetan. 2016tik aurrera izan da Bakioko parroko. Omenaldi honen bidez agertuko da herriak deutson maitasuna.

Omenaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da Andra Mari parrokian ospatuko dan Meza Nagusiagaz. Gero, 13:30etan, ondoetorria egingo deutse probalekuan eta herritarrak eta omendua batuko dira une berezi horretan.
Herri bazkaria egingo da gero, 14:30etan, probalekuan bertan. Bazkalondoan, musika, dantza eta bertsolariek jai-giroa ipiniko dabe Txabiri urteotako lanagaitik esker ona emoteko.
Bakioko omenaldiaz gainera, bigarren bat be egingo deutsoe, irailaren 19an, Gamizen. Eguerdiko 12:00etan meza izango da, 13:00ean trikipoteoa eta 14:30etan herri bazkaria frontoian eta musika jaiari jarraipena emoteko.
Txabik, aurton, erretiroa hartuko dauan urtean, abadegintzaren Urrezko Ezteguak ospatzen ditu.

Pastoralgintzari eskeinitako bizitza
Txabi Bizkaiko hainbat parrokiatan izan da bere pastoral ibilbidean. 1975 eta 1990 bitartean, Gernikako Andra Mari abadeen taldeko kide izan zan. Gero, 1990 eta 1994 bitartean, ikasketak egin ebazan Parisen.
1994tik hasita, Mungialdeko hainbat herritan jardun izan dau pastoralgintzan. 2016tik aurrera, Bakioko parroki izan da eta 2015etik aurrera, Arrieta, Gamiz, Fruiz, Meñaka, Laukiz, Larrauri eta Gatikako parrokien ardura be badau.
Aldi barria Ibarrangelun
Erretiroa hartuta, Txabik beste aldi bati ekingo deutso eta irailetik aurrera Ibarrangelun biziko da eta liturgia ospakizun eta pastoral egitekoetan lagunduko dau.
Herri berezia da beretzat, izan be bertan bizi da bere arreba eta lotura pertsonal eta afektiboak ditu Busturialdeko inguruagaz, abade bizitzaren zati handi bat hantxe emon izan dau-eta.

Galdakaon jaio bazan be, Txabik berak autortu dauanez, jaioterriagazko hartu-emona gitxitu egin da urteen buruan. Bere esanetan, “Galdakao asko hazi da eta, kanpoan hainbeste urte emon ondoren, han ez daukat ezagun asko”.
Omenaldion bidez, Bakiok zein abade lez zerbitzatu dituan gainerako herriek esker ona eta maitasuna eskeiniko deutsoez bere bizitzako urte asko euren artean emon dauan abadeari.







