09-12-2024 Lunes, II semana - adviento
Bizkeliza 5 Kultura 5 Bateo-agirien eskaera Artxiboan
09.01.2024

Bateo-agirien eskaera Artxiboan

2022ko urrian indarrean sartu zan eta oraindik indarrean dan Oroimen Demokratikoaren Legea dala-eta, Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboan bateo-agiriak eskatzen dabez orain be atzerritik. Lege honi esker, gure kasuan, Bizkaian jaiotako aitite-amamak edo birraitite-birramamak dabezala, eta dalako une batean atzerrira joan behar izan ebela, ziurtatu leikienek herritartasun bikotxa jadesteko aukera dabe. 1870ean Erregistro Zibila sortu zan arte, errolda bakarra sakramentu-liburuetan datza, sasoi haretan danak bateatzen ziralako.

Oroimen Demokratikoaren Legea indarrean sartu eta herritartasun bikotxa eskatzeko aukera zabaldu zanetik, Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboan 3.000 bateo-agiri baino gehiago eskatu dabez.

Sasoi haretan erregistro zibilik ez egoanez, ezinbestekoa da bateo-agirietara jotea, arbasoak Bizkaian jaio dirala ziurtatzeko. Agiri horretan, dalako pertsona batek Eleizaren lehenengo sakramentua hartu ebala ziurtatzen da eta agirian, bateatuaren izena, sexua, jaiotzaren eguna eta lekua eta gurasoen, aita-ama bitxien, aitaren eta amaren aldeko aitita-amamen eta abadearen izena jasoten dira.

Anabella Barroso Artxiboko zuzendariak nabarmendu dauanez, 2024aren hasiera honetan, gora egin dau eskarien kopuruak. “Ezarritako epea, urte bikoa da Oroimen Demokratikoaren Legearen zortzigarren xedapen gehigarria indarrean sartu zanetik, epe hori luzatzeko aukeraren kalte barik. Beraz, eskariak egiteko epea, gitxienez urrira artekoa da”.

Espainiar herritartasuna lortzeko lehen urratsa

Agiri honeen bidez euren aitite edo birraitite edo amama edo birramama, gure kasuan, bizkaitarra dala ziurtatu leikienek espainiar herritarrasuna eskatzeko izapideei ekiteko aukera dabe. Beraz, garrantzitsua da gitxienez senideen izena, abizenak, jaiotzaren gitxi gorabeherako datak eta lurraldean bateatu ziran jakitea. Barrosoren esanetan, “kasu askotan, beste lurralde batzuetan jaiotako pertsonen eskariak iristen jakuz. Artxiboan, bakarrik Bilboko Eleizbarrutian bateatutakoen datuak daukaguz”.

Artxiboan emoten daben arigi legeztatuak “hitzez hitzeko kopia izan behar dau”, irudi digitalak ez daualako balio. Agiri asko eskatu danez, eskatzaileek hilabetetik gora itxaron behar dabe agiria eskuratzeko. Hortik aurrera, herritartasuna lortzeko izapideei ekiten jake.

Egitasmoagaz

Lege hau dala-eta, Eleizbarrutiko Artxiboko eguneroko kontuez arduratzen diran hiru lagunek egoera barrira moldatu behar izan dabe eta zerbitzuak egokitu. Halanda be, Barrosoren ustez, bat-bateko gertaera hau aukera ona da“pertsonen etorrera errazteko” eta Ebanjelizatzearen Eleizbarutiko Egitasmoaren aurtengo goiburuari erantzuteko: “Bagara. Comunidades acogedoras e inclusivas”.

Partidas de bautismo en el Archivo Eclesiástico de Bizkaia