10.06.2026

Bidesarik 595 presori eskeini eutsen arreta 2025ean

Bizkaiko Kartzela Pastoraltzatik sortutako erakundeak preso eta preso ohien laguntzarako sarea indartu eban. Horretarako, hiru egoitza-bitarteko ditu eta 72 profesional eta boluntarioen konpromisoa.

1994an Bilboko Eleizbarrutiko Kartzela pastoraltzatik sortu zan Bidesari erakundeak 2025ean zuzeneko arreta eskeini eutsen 595 presori edo gizarteratze prozesuetan dagozanei, urteroko oroitza-txostenean jaso dauanez.

Erakundeak nabarmendu dauanez, jarritako helburuen %70 bete ziran, burujabetza, ardurak hartzea, kudeaketa emozionala edo mendekotasunak gainditzea lako adierazleen bidezko neurketen arabera.

Herritarrentzat ageriko ez dan errealitatea erakusten dau kopuruak: kartzelan sartzen diran pertsona gehienak gizarte bazterketa jasandakoak izaten dira eta laguntasun berezia behar izaten dabe gero barriro alkartera bueltatzeko.

BAM Bidesari Kartzela Pastoraltza

Oroitza-txostenak, erakundeak familian dauan eragina be nabarmentzen dau. Zuzenean artatutako 595 pertsonez gainera, beste 369 pertsonak, gehienak nagusiak eta, kasu honetan, %72 emakumeak, zeharkako laguntza jaso dabe.

Hiru pisu 68 lekugaz gizarteratzea ahalbidetzeko

Bidesarik hiru egoitza-bitarteko izan ditu 2025ean, Bilbon, Leioan eta Getxon, eta guztira 68 lagunentzako lekua egon da.

Erakundeak 1,35 miloe euro inbertitu ebazan egoitza-bitarteko horreetan, hau da, bere ekonomia-jardueraren zati nagusia.

Sentsibilizazinoa

Herritarren artean sentiberatasuna biztea izan da beste jarduera esanguratsu bat. Iaz, Bidesari 369 gazte eta heldurengana hurreratu zan heziketa-jardueren eta mendekotasunen prebentzinorako egitarauen bidez, ikastetxeetan. Partaideen erdia baino gehiago emakumeak izan ziran. Honako jardueretan, kartzelan dagozan pertsonek euren lekukotasunak emoten dabez justizia erabarritzailearen ikuspuntutik. 

BAM Bidesari Kartzela Pastoraltza
BAMeko ikasleak Bidesariren jardueran parte hartzen

70 lagun baino gehiagoren esku-hartzea

Bidesarik kontratatutako 27 lagunez, 45 boluntarioz eta praktiketan egozan 7 lagunez osotutako taldeari esker atara eban aurrera bere egitekoa. 

Diru-laguntza publikoez babestutako jarduera

Oroitza-txostenean jasotzen danez, 2025ean, 1,59 miloe eurotako sarrerak eta 1,59 miloe eurotako gastuak izan ebezan, aurrekontu-orekari eutsiz. Diru-sarrera nagusia, administrazino publikoetatik heldu jaken, hain zuzen be 1,48 miloe euro, eta gainerakoa funts pribatuetatik eta euren bitartekoetatik. 

Besteak beste, honako egitarauak garatu ebezan: akonpainamendua mendekotasunak dabezanei, harrera eta orientazinoa kartzelan, osasuna sustatu kartzelatik atara ondoren, kartzelan dagozan emakumeen ahalduntzea, gizarte trebetasunetan hezi, aisialdi osasungarria eta boluntario lana.

Oroitza-txostenean nabarmentzen danez, gizarteratzea presoei dagokien kontua da, baina ez eurei bakarrik, familietan eta gizarte osoan be eragina dauan kontua da. Ezinbestekotzat jotzen da, gainera, bitarteko bereziak izatea bigarren aukerak ahalbidetzeko eta gizarte bazterketa jasateko arriskua gitxitzeko.

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: Bidesari