08-12-2024 Inmaculada Concepción de Santa María Virgen
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bilboko Eleizbarrutiak bere ‘kontuen’ barri emonez
05.11.2024

Bilboko Eleizbarrutiak bere ‘kontuen’ barri emonez

Datorren domekaz, azaroak 10, lekuko Eleizen Eguna, hau da, hemen, Bilboko Eleizbarrutiaren Eguna, ospatuko da. Goiburu beraren haritik ospatuko da Eleizbarruti guztietan: "Eta bila ari zarana zure barruan balego?". Bizkaian, aurton, kutsu berezia dau jardunaldiak, Eleizbarrutiaren sorreraren 75. urteurrenaren barruan ospatuko dalako. Hori dala-eta, On Joseba Segura gotzainak mezua idatzi deutse eleiztarrei, "bizitza osoa bokazinotzat hartzera" bultzatuz. Gainera, azken urteetako bideari jarraituz, ekonomia eta pastoral jarduerari buruzko barriak eskaini dira. 

Datorren domekaz, azaroak 10, ospatuko dan Eleizbarrutiaren Egunaren atariko lez, gotzainak ‘Nueva Economía Fórum’ dalakoak antolatutako ekitaldian parte hartu eban.

On Joseba Segura gotzainak, besteak beste, Bilboko Eleizbarrutiaren ekonomia eta pastoral jarduera azaldu eban.

Gotzainak azaldu ebanez, Eleizbarrutiak 2023an izan eban aurrekontutik (134 miloe), %8,2 izan zan parrokia jarduerarako, Zatirik handiena (%67), heziketa eta hezkuntzara zuzendu zan. Hamabost miloe (%11,2) izan ziran gizarte ekintzarako, Caritas Bizkaia dalarik arlo horretan jasotzaile nagusia.

Eraikinen inguruko datuak be emon ebazan: “291 parrokia doguz euren tenpluakaz eta 345 ermita, beste sasoi batzuen ikur”. 188 abade dagoz, 43 laiko soldatagaz pastoralgintzan, 9 deiakono eta 5.000 emakume boluntario, “izan be, gehienak emakumeak diralako”.

Sakramentuak

Ehuneko 10 inguru dira domekaz mezetara joaten diranak. Iaz, 1.531 ume bateatu ziran Bizkaian, 2.427 umek egin eban lehenengo jaunartzea eta 452 lagunek sendotza hartu eben.

312 lagun (guztiaren %9) ezkondu ziran Eleizatik.

Zelan finantzatzen da Eleizaren jarduera?

Eleizbarrutiaren heziketa-egintza, itunpeko gainerako hezkuntza lez, diru publikoak finantzatzen da zati baten. Gizarte ekintzari dagokionez Caritas Bizkaia erakundea, lotutako beste erakundeak lez, “bere fondoakaz finantzatzen da eta berariazko egitasmo batzuei laguntzeko administrazinoagaz hitzartutako bitartekoakaz”.

Pastoralgintza bere bitartekoakaz finantzatzen dau gehien bat. Zerga-autorpenean ‘X’ markatzeari dagokionez, “Bizkaian autorpena egiten dabenen %22 inguruk laguntzen deutso Eleizari”.

https://www.youtube.com/live/BETz-tl2nGA?si=FFPNxWLprNG57Vlm&t=694

Erronkak

Bizkaiko Eleizak orain eta etorkizunari begira dituan erronkak aitatu ebazan gotzainak, “etxeko” kudeaketatik kudeaketa “profesionalagora” igarotzea ezinbestekotzat joz. Honen haritik, 40 boluntarioen esku-hartzeaz prestatutako egitasmo estrategiko ekonomikoaz, ekonomia batzordeen bidez lurraldeetan zabaltzen danaz, jardun eban. Osoko kudeaketarako sistema bateratua (ERP), bertan Eleizbarrutiko erakundeen %80 sartuta dagoala agertuz, eta hornitzaileen kudeaketa bateratua nabarmendu ebazan. Aurkezlearen galderari erantzunez, On Joseba Segurak ondarearen kudeaketaz be jardun eban, “kristau alkarteak, berak bakarrik” ezin deutsala eutsi autortuz. 

Eleizbarrutiaren Egunerako mezua

Aurtengo jardunaldian, bokazinoan jarri da arreta. Kontu horren inguruan idatzi dau gotzainak Alkarren Barri aldizkarian hilero argitaratzen dan mezuan. Bertan nabarmentzen dauanez, “ez dago besteen gainetik dagoan bokazinorik. Dalako bokazino hori guztion onerako zerbitzutik garatzea da benetan garrantzitsua”.

https://www.youtube.com/watch?v=2B2ShkMntjg&t=6s
Cartel del Día de la Iglesia diocesana 2024