Gaur aurkeztu da Bilboko eleizbarrutiak Bizkaiko Foru Aldundiagaz alkarlan estuan egiten diharduan Katalogoa. Bere zabaltasunagaitik, zehaztasunagaitik eta, bitarteko digitalei esker, erabilerraztasunagaitik, ondarearen katalogazinorako etorkizuneko egitasmoetarako eredu izango dan lana da.
Amaituta dagoan katalogoaren zatia, www.catalogomonumentaldiocesisdebilbao.com orrialdean kontsultatu daiteke eta gaur aurkeztu da Zeberioko Olabarrietako Santo Tomas eleizan. Hain zuzen be, Bilboko gotzainaren azalpenen arabera, tenplu guztiak lez, “erakunde bizi eta aldakorra izanda, sasoian sasoiko premina eta molde estetikoetara egokitutakoa, Bibliako idazkietan eta idazki horreek gordeten daben guztia azaltzeko giza irrikan sustraitutako molde eta esanahiaren arabera diseinatutakoa” dan lekuan. On Joseba Segurak “gure arbasoen ondarea iraunarazotea” ezinbestekotzat jo dau.
Bizkaiko Foru Aldundia, lurraldearen historia eta kultura sustraiak zaintzearen eta agertzera emotearen garrantziaz jabetuta, ezinbesteko bidelagun izan da ekimenaren garapen-bidean. “Katalogo honek, gure iraganari begirunea erakutsi eta gure oraina aberasteaz batera, ondare iraunkorra itziko dau hurrengo belaunaldientzat”, Leixuri Arrizabalaga, Euskera, Kultura eta Kirol diputatua.
1980eko hamarkadan hasi zan egitasmo hau 2029an amaitzea da helburua. Gaur egun, online kontsultatu daiteke osotu dan lehenengo eskualdea: Nerbioi Garaia. Emaitza, bitarteko baliotsua da ikertzaile, arte-historiagile eta kultur kudeaketarako profesionalentzat eta, aldi berean, aukerakoa da jakin-mina daben guztien gozamen eta ezagutzarako eta bitarteko barri bilakatu daiteke turismo jasangarria eta kalitatezkoa sustatzeko.
Egitasmoaren zenbakiak
“Nerbioi Garaia eskualdeak 800 fitxatik gora sorrarazi deuskuz. Eta eskualderik txikienetakoa da. Lana amaitzean, 10.000 fitxatik gora izango dogulaza aurreikusi dogu, hau da, 10.000 ondare-ondasun antzemanda, kokatuta eta baloratuta”, azaldu dau Juan Manuel Gonzalez Cembellin Eleiz Museoko zuzendari teknikoak.
Bere esanetan, sekulako balioa dauan altxorra da, hain zuzen be, “785 tenpluri buruz dihardugu eta eurotan gordeten diran 1.000 erretaula ingururi eta 9.000 eskultura, margolan, urre eta zidarrezko bitxi…, ingururi buruz”. Tenplu bakoitzak bere argibide-idazkia izango dau, “irudi ugariz hornituta”, eta eraikin eta gauzaki bakotxari dagokion fitxa atxikiko jako. Azaldu dauanez, “1.500 plano baino gehiago eta 20.000 argazki inguru jasoko ditu”.
Bizkaieraren aldeko apustua
Aitatzekoa da egitasmo honetan lekuko hizkuntza eta nortasunaren alde egindako apustua. Katalogoa, zehaztasunez landutako bizkaieran eskuratu daiteke; holan, lurraldeko ondarearen eta berariazko hizkuntzaren arteko lotura sendotu gura izan da. Gotzaitegiko itzulpen-zerbitzuak egin dau lan hori eta Labayru fundazinoak be parte hartu dau.
Monumentuen Katalogoa ezinbesteko erreferentzia da orain ondare-zaintzerako eremuan, Europan. Bizkaitarren historia, kultura eta oroimenaren aldeko Bizkaiaren konpromisoa azpimarratzen dauan alkarte ahalegina.