04-11-2025 Martes, XXXI semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 75. urteurrena 5 Bizkaiko Eleizaren kurtso hasieran, bost ibilbide oinez Elorrion
03.09.2025

Bizkaiko Eleizaren kurtso hasieran, bost ibilbide oinez Elorrion

Aurretik be jakitera emon dogunez, irailaren 27an ospatuko da "Goazen 2025" ekitaldia eleizbarrutiko pastoral ekiturteari hasiera emoteko (ezinbestekoa da izena emotea: hemen). Ekitaldiari goizeko 10:00etan emongo jako hasiera, autobusak zehaztutako lekuetara iritsi eta harrera eta jubileu otoitza egiteaz batera. Ondoren, erromesaldia egingo da jubileu tenplua dan basilikara, bost lekutatik abiatuta: San Agustin eleiza, Argiñetako nekropolia, San Antonio Abadea ermita, monja domingotarren monasterioa eta Maria Bitarteko eleizbarrutiko ikastetxea.

Kurtso hasierako baterako ekitaldia irailaren azken zapatuz izango da Elorrion. Sortze Garbia tenpluan egingo da jarduera nagusia. Aurretik, partaideak erromes joango dira basilikaraino herriko hainbat lekutatik abiatuta.

0-. Sortze Garbia basilika

Elorrioko eleiza nagusia da eta euskal gotiko berantiarraren erakusgarririk esanguratsuenetakoa. XV. eta XVI. gizaldien artean eraikita, hiru nabe bardindun areto-oinplanoa nabarmentzen da bertan. Barrualdean, Elorrioko seme dan Berriotxoako San Balendin misiolari eta martiriari kultua emoten jako, irudi guztiz esanguratsua da-eta alkartearentzat. Nabarmentzekoak dira, gainera, erretaula nagusi barrokoa, organo historikoa eta kanpantorrea. 

Elorrioko Sortze Garbia parrokia
Berriotxoa eguneko ospakizun bat Elorrioko Sortze Garbia basilikan

1-. San Agustin eleiza

XV, eta XVI. gizaldien artean eraikitako eleiza hau euskal gotiko berantiarraren erakusgarririk onenetakoa da. Areto-oinplanoa, altura bereko hiru nabeak eta altara nagusiko erretaula barrokoa nabarmentzen dira eraikinaren arkitekturan. Barrualdean, Elorrioko hainbat aitoren seme/alaba dago lurperatuta eta bertako organo historikoa gaur egun be erabilten da.

San Agustin (Elorrio)
Elorrioko San Agustin eleiza

2-. Argiñetako nekropolia 

Zenita auzoan dago Euskal Herrian zaharrenetakoa dan goiz erdi aroko nekropoli hau. Sarkofago eta hilarriak VII. eta IX. gizaldi bitartekoak dira eta bailarako antxinako biztanleak gogora dakarrezan latinezko idazkunak dabez. Naturaz eta isiltasunaz inguratutako gune honek inguruko kristau jatorriakaz lotzen gaitu eta historia- eta arte-ondare izendatu eben 1964an.

Argiñetako nekropolia
Argiñetako nekropolia

3-. San Antonio Abadea ermita

Elorrio herriaren erdigunean dago eraikin erlijioso esanguratsu hau, hain zuzen be, XVII. gizalditik. San Anton abereen zaindariari eskainita dago eta estu lotuta udalerriko herri usadioei. Landa-eremuko euskal kulturan guztiz sustraituta dagoan ohiturari jarraituz, urtarrilaren 17an herritarrak ermitara joaten dira etxeko abereak bedeinkatzera. 

4-. Monja domingotarren monasterioa

Bertako dohaintza-emoileek XVI. gizaldian sortutako klausurako komentua. Eraikinaren estiloa errenazentista da eta fatxada soila dauka. Klausurako bizitza daroen monja domingotarren alkartea bizi da bertan. Gainera, eskuz egiten dabez gozoki tradizionala. Bertan dago Berriotxoako San Balendinen museoa.

Monja domingotarren Elorrioko monasterioa
Monja domingotarren monasterioan dago santuaren hainbat gauza


5-. Maria Bitarteko elizbarrutiko ikastetxea

Elorrioko familiek 1971an sortuta, ikastola konpromisozko jarduera izan zan euskeraren susperraldiaren alde frankismoaren sasoian. Gaur egun, heziketa-eredu da Bizkaian eta bertatik sustatutako alkarte jarduerei, eskola-jaiei eta pedagogia-egitasmoei esker, kultur eragilea da herrian.

Basilikara heltzean, kurtsoari hasiera emoteko ekitaldia ospatuko da, gotzaina buru dala.

Amaitzeko, partaideek kopau bat hartuko dabe eleizpean, etxera bueltatu aurretik.