Datuen aurkezpenean, Bizkaiko Caritasek bere arretaren jasotzaile diran pertsona gehienek jasaten dabezan arazo kateatuak nabarmendu dabez: laneko behin-behinekotasuna, pobretasun larriaren gorakada eta gizarte eta politika arloan parte hartzeko aukerarik eza baztertuta dagozanentzat.
Carlos Bargos erakundeko zuzendariak eta Ana Sofi Telletxea gizarte behatokiko arduradunak aurkeztu dabe 2022ko oroitza-txostena. “Adin txikikoak dabezan familien errealitatea oso presente dago”, adierazo dabe. Kasuen erdia, guraso bakarreko familiak dira, “emakumea buru dabenak”.
Ume eta gazteei laguntzeko, ezinbestekoa da Bizkaiko Caritasen, “pobreziaren transmisinoari eta etorkizuneko gizarte-bazterketari aurrea hartzea”. Hori kontuan hartuta, Caritasek 2.400 adin txikikori eta 819 gazteri lagundu eutsen iaz.
Lagundutako pertsonen %57 bertokoak eta euren egoera legeztatuta eukien etorkinak izan ziran.
Begiak zabaldu errealitatera
Bizkaiko Caritasek eskertu egin dau boluntarioen “partaidetza konprometitu eta eskuzabala” eta bazkide eta laguntzaileengan irudikatzen dan bizkaitarren diru-laguntza. Erakundeak 15,09 miloe eurotako inbertsinoa egin eban 2022an Bizkaian pobretasunaren eta bazterketaren aurkako egitasmoetan, batez be: osoko harrera bizilekurik ez daukienei, lanaren arloa eta ekonomia solidarioa.
Eleiz erakundeak nabarmendu dauanez, begiak zabaldu behar doguz ingurura eta “interes orokorrari zuzendutako politikak gainditu eta guztion onerako politikak” aldarrikatuz.
Euskadiko Caritasen datuak
Gaurko agerraldian, Euskadiko Caritasen oroitza-txosteneko datuak be ezagutzera emon dira. Datuon arabera, artatutako 34.288 familiean artean, egoera korapilatsuan dagozanak be ugari dira. Gainera, “Ukrainako gerraren eraginez, asko gehitu dira babes eta laguntza bila gure ingurura datozanak”