23-12-2024 Lunes, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Caritas Jerusalem: Ahots bakoen ahotsa
29.03.2024

Caritas Jerusalem: Ahots bakoen ahotsa

Gaur, Bariku Santua, Lurralde Santuko Eleizaren aldeko alkartasun-eguna ospatzen da mundu osoan.Lurralde Santuko Kustodiatik azaldu dabenez, diru-batze hau aitatzen dauan lehenengo agiria 1455ekoa da: Kalixto II.aren bulda. Agiri honek "baimena emoten deutse Kustodiako fraileei, herrialdeetara joan eta Leku Santuetarako dirua batzeko.Lurralde Santurako dirua batzea beren-beregi aitatzen dan lehenengo aldia dala esan daiteke". Bilboko Eleizbarrutian, gaur ospatuko diran eleizkizun guztietan batuko da dirua Lurralde Santurako. Beti da beharrezkoa laguntza hori, baina gaur egun, sekula baino gehiago. Gehiago jakiteko: hemen

Caritas Jerusalem erakundeak bialduta, Los Ríos aldizkariaren azken alean argitaratu dan artikulua jasoko dogu, gaur, hemen. Gazan bizi daben egoera nergargarria azaltzen dabe, “ahots bakoen ahots bihurtuz”. 

“Amai bako bildurra, izua, ikara, hilketak eta sarraskiak. Gosea, hotza, gau baltzak eta heriotzaren kiratsa alde guztietan. Mutiko batek “seguruenik” hilda egongo dan ama bilatzen dihardu hondakinen artean. Ama batek, minaren minez erotuta, garrasi egiten dau bere indar guztiez, hilda dagoan bere eumetxoari azken aldiz esnatzeko eskatzen deutso, gosez hilgo ez zalakoan. Ama atsekabetu batek misil bihozgabeek mutilatutako neskato jaiobarriaren gorpu odoleztatua besarkatzen dau eta berba batzuk xuxurlatzen deutsaz belarrira. Gutako inork sekula ulertu ezingo dituan gertaerak!

Krisi humanitarioa:

Gerra honen erabateko basakeria leku guzti-guztietara heldu da. Kaleetan, senide eta lagun minak galdu dabezanen garrasien oihartzuna da nagusi. Krisi humanitario honetan, Gazatik ataraten diran istorioek ezelan be ulertu ezin leiken sufrimentua agertzen dabe. 

Gazako etenbako gatazkak bizitzarako oinarrizko eta ezinbesteko diran gauzen eskasia eragin dau, Palestinan bizi-baldintzak asko okertuz. Indarkeria honek 25.105 lagun hil ditu eta 62.6981 zauritu. Izugarria da, heriotza honeen %70a emakume, mutiko eta neskatoena izatea, datu honek ahulenek ordaintzen daben neurrigabeko kostua agertzen daualarik. Argindarrik ez izatean, behar-beharrezko zerbitzuak be ez dagoz eskuragarri eta Gazako 36 hospitaletik bakarrik 13 dagoz, neurri baten, zabalik eta, ondorioz, arreta medikua be urria da. 

Elikagai-ziurgabetasuna:

Bizi baldintzek okerrera egin dabe nabarmen, egundoko eskasia dagoalako elikagaietan eta garbitasunerako eta biziraupenerako ohiko artikuluetan. Gaixotasunak bizkor zabaltzen dira, zaurituek ez dabe inongo laguntzarik eta adimen-osasunari dagokionez egundoko arazoak daukiez; guzti horrek, lehendik zama handia jasaten eban osasun-sistema kinka larrian da. Elikadura-segurtasunaren Aldien Sailkapen Integratuaren ebaluazinoek erakutsitakoaren arabera, Gazako Zerrendako herritar guztiek jasaten dabe gosea. Familien %90a, miloe bi lagun, elikadura-ziurbabetasunean egotea, ikaragarria da. Munguko batez bestekorik altuena da. 

Gerra honek Gazan bizi ez diran palestinarrengan be eragin zuzena dau. Kolonoen indarkeriaren eta israeldarren liskarren eraginez, Zisjordaniako ehunka familiek ihes egin behar izan dau edo zauriak jasan ditu. Lanpostuen ezabapenak eta Israelera lan egitera sartzeko baimenen baliogabetzeak arazo gehiago ekarri deutsez herritarrei. Borrokak dirala-eta, laguntza humanitarioa emotera doazanak ezin dira sartu eta euren esku-hartzeak ez dira bape seguruak. Herrixketako biztanleek gaitu bako lanak izaten dabez urietan eta egunero zeharkatu behar izaten dabez muga-postuak Israelen egiten dabezan lanetara joateko.

Gerra honetan, debekatuta dago muga-postuak zeharkatzea, baimenak baliogabetu egin dira eta Zisjordanian bizi diranak lan barik geratu dira. Ez da erromesaldi eta bidaia erlijiosorik egiten Zisjordaniako urietara, esate baterako Belenera eta, ondorioz, familiean ekonomia-egoerak okerrera egin dau. Lanak %32 egin dau behera, hau da, 276.000 lanpostu desagertu dira ixteengaitik edo Israelera lan egitera sartzeko baimenen baliogabetzeengaitik. 

diru-batzea Lurralde Santuaren alde

Caritas Jerusalem

Caritas Jerusalem Eleiza Katolikoak Lurralde Santuan eskaintzen dituan gizarte-pastoral zerbitzuak ordezkatzen dituan erakunde humanitario eta garapenerakoa da. Erakunde honek dei egin dau, indarkeria eten eta Gazara laguntza humanitarioa berehala sartu daiten, indarrean dan Israelen eta Hamasen arteko borrokaren eraginez herritar gehienak euren etxe eta lekuetatik kanpo dagoz-eta.Sei Eguneko Gerraren ostean, 1967an sortutako erakunde honek laguntza emoten deutse Palestinako Lurralde Okupatuetako edozein erlijinotako lagunei, askotariko zerbitzuak eskainiz: gizarte-pastoral arreta, osasun-arreta, garapenerako laguntza eta laguntasuna larrialdietan. Zisjordania, Gaza eta Jerusalemen jarduten dau.

Caritas Jerusalem erakundeak Gaza eta Zisjordaniako inguru isolatuetan arreta eskaintzen daben osasun-etxe eta erietxe ibiltariak kudeatzen ditu. Sarrera-iturri dan hainbat alkarte egitasmo babesten dau, esate baterako, erle-hazkuntzarako, esnekiak ekoizteko edo artisau-lanak egiteko. Urriaren 7an gerra biztu zanetik, Caritas Jerusalem erakundeak preminazko laguntza emon deutse Gazako biktimei, jakiak, ura, garbitasunerako artikuluak, ohe-jantziak, negurako hornikunza eta erosketa-baleak banatuz. 

diru-batzea Lurralde Santuaren alde

Caritas Jerusalem erakundeak ekimena aurkeztu dau arin erantzuteko eta Gazan indarrean dan gatazken eragin negargarriak jasaten diharduenen osasuna, adimen-osasuna eta ekonomia-baldintzak hobetzeko. Caritas Jerusalem erakundearen laguntzaren bidez, lehen arreta hedatu gura da, adimen-osasunari lotutako arazoak kudeatu, eta krisiak astindutako familiei ekonomiari dagokionez suspertzen lagundu. 

Azken ehun egunetan, Caritas Jerusalem erakundearen ahaleginari esker, funtsezko zerbitzuak eskaini izan dira eta gainerako hainbat esku-hartze bideratu da. Osoko ikuspuntutik, besteak beste, lehen osasun-arreta eskaintzen dau aterpetxeen eta urrineko inguruetankokatutako alkarteen bidez, adimen-osasuna ahalbideratzen dau eremu seguruak eskainiz, emakume, ume eta aterpetxeetako langileek barrua hustu eta terapia jaso dien, eta Gaza eta Zisjordaniako etxeak itzi eta lurraldean bertan beste norabait joan behar izan daben eta lanpostua galdu dabenei ekonomikoki laguntzen deutsie.

Caritas Jerusalem erakundeak bereziki zaintzen dau kristau presentzia, orokorrean Palestinan eta batez be Lurralde Santuan. Gerraren hasieratik, kristau palestinar askok alde egitea pentsatu dau, ez dabe-eta bakerik ikusten seme-alabentzat, egoera korapilatsu eta amaibako honek eragindako etorkizun iluna baino. Caritas Jerusalem erakundeko kideentzat, kezkagarria da Lurralde Santuan kristau familien presentzia murriztea eta bertan geratzera animatzen jarraituko dogu. Lurralde Santuko kristau lez, geure erantzukizuna da bertako eleizen santutasunari eustea. Gorde eta zaindu egin behar dogun herentzia dogu eta ez geunke gure eleizak museo bihurtuta ikusi gura. 

Gerrak irauten dauan bitartean, hil edo biziko zerbitzuak eskainiko deutseguz biktimei. Nazinoarteko alkarteak berehala esku-hartu beharko leuke Gaza eta Zisjordaniako krisi humanitarioari aurre egiteko. Une gatx honeetan eskaintzen dauan egundoko laguntzagaitik, Caritas Jerusalem erakundea itxaropen-izpi da eta lurraldeari buruzko ikuspuntu egonkor eta zuzenagoa emoten dau. 

”Bizi zaiteze itxaropenean alai; izan eroapen handikoak ezbeharrean eta iraupentsu otoitzean”. Erromatarrei 12,12. 

Caritas Jerusalem

«Berak libratuko dau laguntza eske oihuka ari dan behartsua,
nork defendaturik ez dauan dohakabea. Gupida izango deutse gizagaixo eta pobreei, bizia salbatuko behartsuei. Berak babestuko ditu gogorkeria eta bidegabekeriatik. Balio handia izango dau hareen biziak berarentzat!».
 Salmoa 72, 12-14