21-12-2024 Sábado, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Ezagutzen dogu Santiago katedraleko arrosa-leihoa?
23.01.2023

Ezagutzen dogu Santiago katedraleko arrosa-leihoa?

Urtarrilean hasita, eta Eleiz Museoaren laguntzagaz, "Alkarren Barri / Comunicación" Eleizbarrutiko aldizkariak gure eleizetako arrosa-leihorik interesgarrienetako batzuen inguruko artikuluak aurkeztuko ditu. Lehenengoa, Santiago katedraleko arrosa-leihoari eskainita dago. 

Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko VI. Egitasmoaren logoa arrosa-leiho baten oinarrituta dago, hau da, trazeria erradialaz zulatutako leiho biribilean. Erromanikoan be erabili eben, baina gotikoan jadetsi eban distira betea, hau da, XIII. gizalditik aurrera. Alboetako besoen muturretan egoten ziran eta, batez be, oinetako fatxadan, erdiko nabea argiztatuz.

Sinbologia

Baina arrosa-leihoa ez zan osagai apaingarria edo argi-sarrera bakarrik. Bere sinbologia eban. Arrosa bat gogorarazoten eban formagaitik, Maria Birjinaren irudikapena zan. Gaztelaniazko “rosetón” hitza, “rosa” hitzaren handigarria da; Maria, arrosa mistiko lez agertzen zan. Batez be, Jainkoaren sinboloa zan, gotikoko esaldi batek inoan lez: Jainkoa, argia da. Giro misteriotsua sortzen dauan, zutabe eta altaren gainean argi-efektuak eragiten dituan argi koloreduna. Bere aldaera guztiez jabetzeko tenplu osoa zeharkatzera garoazan argia. Sen gotikoak oso gustuko ebana. Sen horren arabera, eleiza Jainkoarengana hurreratzeko bidea zan eta apurka-apurka eremu horretan murgildu beharra egoan hori lortzeko.

Bizkaian, ez dago arrosa-leiho asko. Gotikoak ez ezik, gotikoan oinarritzen ziran -edo hobeto esanda, kopiatzen eben- neogotikoak dira, XIX. gizaldiaren bigarren erdian modan jarri zan estilokoak. 

Arrosa-leiho horreen artean, seguruenik ezagunena, Santiago katedraleko fatxada nagusikoa da.

Ez da fatxada horretatik tenplua argiztatzen dauan lehenengo leihoa. Aurretik beirate bertikal handia (ez arrosa-leihoa) egoan. 1400ean eraiki eben eta 1650ean, arku handi batez “babestu”. Martin Ibañez Zalbidea hargin-maisuak diseinatu eban arkua. 

Baina, XIX. gizaldiaren erdi aldera, fatxada eta lirainetik gitxi eban torrea ez ziran, antza, oso dotoreak bilbortar burgesiarentzat. “Bilboko herritar ikasien gustu onagaz” bat etorren zerbait gura eben. Beraz, dana eraitsi eta fatxada barria eraiki zan. 

Fatxada zaharra
Fatxada zaharra

Lanek 1883tik 1891ra iraun eben. Severino Achucarro izan zan arkitektoa eta arrosa-leihoa orduan modan egozan frantses ereduetan oinarrituta diseinatu zan. Dagrant une haretan ospe handia eban etxeak landu ebazan beirakiak. 

Emaitza, kolore biziz -batez be gorri eta urdinak- osatutako mosaikoa da eta berau zeharkatu eta argi koloreduna barrura sartzen da. Erdian, Santiago zaindariaren irudia dago. Arrosa-leihoaren azpian, beirate bertikalen ilara: apostoluak Jesusen albo banatan. Ikusezinak dira kanpotik, aurrealdea burutzen dauan barandak ezkutatzen ditualako, baina barrutik ikusi daitekez.

Rosetón de la catedral de Santiago de Bilbao