Monje batek erropak neurrira egitea, ohikoa ez bada be, Ziortzan bada bat liturgia jantzi pertsonalizatuak egiten dituana. Enkarguzko lanak egiten dira, eta eskariak munduko edozein lekutatik jaso daitekez. Aita Luis Martinek orain dala hiru urte ekin eutsan egiteko honi, oraindik nobizio zala, eta egiteko hau eta beste hainbat egiten dau gaur egun be monasterioan, betiko profesarako hilabete bi falta jakozanean. Datorren abuztuaren 20an, San Bernardo egunez, alkarteko beste hiru fraileakaz batera bizi izango dau egun berezi hori.
Eleiza, ostatua, aterpetxea eta denda
Ziortzako fraileek hainbat arretagune dabe. Otoitza da euren jarduera nagusia eta monasteriotik igaroten diran edo bertan ostatu hartzen daben pertsonenganako arreta be garrantzitsua da. Eleizan, ostatuan, aterpetxean edo dendan, urtean zehar Euskadin monumentu kategoria dauan leku eder honetara hurreratzen dan ehunka laguni arreta adeitsua eskaintzen deutse.
Ziortzara erromes aleman asko hurreratzen da, “baina mundu osotik datoz, baita Australiatik be”. Euren artzainagaz etorten diran beste kristau sinesbidetako jentea be azaltzen da. Askotarikoa da, beraz, erromesen jatorria eta izaera eta besteak beste horreei zuzenduta garatzen dabez zistertarrek euren balioak: jainkozko ofizioa, lectio divina eta eskulana.
Goizeko 5:30etan hasten da eguna
Goiz ekiten deutse otoitzari, 5:30etan, Bezperakaz. Goizeko 7:00etan, gosaldu egiten dabe. Goizeko 9:00etan, Laudorioak eta Eukaristia ospatzen dabez. Sesta 13:30etan izaten da eta Nona, 19:30etan; Konpletak eta Salbea, 21:30etan. Jaiegunetan, ostera, Eukaristia eguerdiko 12:00etan ospatzen dabe.