09-12-2024 Lunes, II semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Kristandade Ikastaroen deia “esperientzia eraldatzailea” bizitzeko
27.01.2023

Kristandade Ikastaroen deia “esperientzia eraldatzailea” bizitzeko

Gaurtik domekara arte, Kristandade Ikastaroak mobimentuko kideak batuko dira Begoñako Gogarte Etxean. Antolatzaileen esanetan, "bategite pertsonala izango da, Jesusegaz bat egitea, adiskidetasunean bat egitea, Jainkoaren maitasunaren esperientzia bizitzea". Gehiago jakiteko: cursilloscbi@barria.net edo 673400452 (Maite) eta 635742877 (Felipe) telefonoak.

Kristandade Ikastaroak mobimentua Mallorcan sortu zan 40ko hamarkadaren amaieran. 1956an, gizonezkoek lehenengo batzarra ospatu eben Bilbon. 1966an, Mons. Gurpidek eten egin ebazan, 1970ean Mons. Cirardak lehengoratzea onartu eban arte. Handik hilabete batzuetara, emakumeen ikastaroak jarri ziran martxan eta 1976an, kristandade ikastaro mistoa lehenengo aldiz ospatzea lortu eben.

Otoitz eta Bizitzarako Tailerra, Bilboko Karmeneko Ama parrokian

Beste alde batetik, datorren martitzenez, urtarrilak 31, laster bertan garatuko dan Otoitz eta Bizitzarako Tailerraren barri emoteko saioa ospatuko da BIlboko Karmeneko Ama parrokian. Leonor Gonzalez Calvo Otoitz eta Bizitzarako Tailerren Alkarteko Bizkaiko koordinatzaileak azaldu dauanez, tailer bakotxean 15 saio izaten dira, astean behin, ordu biko iraupenagaz, eta etxean egunean ordu erdiko otoitzaldia egiteko konpromisoagaz. Bere esanetan, “pedagogia jakin batean eta bizipenean oinarritutako metodoa da, Jainkoagazko bizitza hobetzeko eta fedean heldutasuna jadesteko. Hori lortzeko, bitarteko honeez baliatzen dira: Hitza entzun, bakarka eta taldean otoitz egiteko era barriak landu, balio ebanjelikoak bizi, nork bere bizitza aztertu eta osoko sendaketa-prozesuari ekin, Jesukristo oinarritzat hartuta”:

Leonor Gonzalezek azaldu dauanez, barri emoteko saioak -esate baterako martitzenekoa- egiten dira, jentea eskaintzen jakonaren garrantziaz jabetu daiten: “gure helburua, parrokien, behartsuenen aldeko zerbitzurako bokazinoak biztea da eta Jesus Gidariaren atzetik jarraitzen daben gurtzaileen herria egitea da gure xedea”.

A. Ignacio Larrañaga abade kaputxino eta idazle azpeitiarrak sortu ebazan Otoitz eta Bizitzarako Tailerrak. Vatikanoak 1997an onartu ebazan eta gaur egun munduko 40 herrialde ingurutan dagoz taldeak. 

Lorena Rodriguez Mediavilla bilbotarra da 2021eko azarotik tailer honeen nazinoarteko koordinatzailea eta Leonor Gonzalez Calvo da Bilboko Eleizbarrutiko koordinatzailea.