20-11-2024 Miércoles, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Kristautasun eta militantzia politikoaren inguruko mahai-ingurua
11.05.2023

Kristautasun eta militantzia politikoaren inguruko mahai-ingurua

Maiatzaren 28ko hauteskundeak dirala-eta, Ekintza Katolikoko Langile Hermandadea mobimentuak (HOAC) mahai-ingurua antolatu eban. Sei ordezkari politikok jandun eben Santurtziko Kabiezeseko San Pedro parrokian, kostaldeko herriko hainbat parrokiatako hogeta hamar eleiztar inguru eta HOACeko hainbat militanteren aurrean.

Ekitaldian, alderdi honeetako hautagaiek parte hartu eben: EAJ-PNV (Karmele Tubilla), PSE-PSOE (Carlos Garcia de Andoin eta Juan Emilio Andrades), PP (Luis Angel Urdiales), Mundu zuzenagoaren alde (Miguel Osorio), eta Ezker Batua alderdiko Getxoko ordezkaria, Unidas Podemos alderdiko zerrenda osatzen dauana.

Hautagaiok Eleizbarrutiaren eleiz bizitzan, aldi batzuetan konpromiso handiagoaz eta beste batzuetan txikiagoaz, parte hartu izan daben kristauak dira. Eta badira oraindik fede-zabalkunde eta katekesian jarraitzen dabenak euren parrokietan, edo alkarteetan txertatuta dagozanak, edo alkarte ospakizunetan parte hartzen dabenak, e.a.

“World-kafea” jardunbideaz baliatuz, lau gairen inguruan jardun eben talde txikietan; politikariek hamar minutuz behin aldatzen eben taldez. Hasieran, partaideek politikaz eben ikuskeraz eta alderdi politikoren batean txertatzeko erabakiaz jardun eben.

Politikaren aurrean jenteak erakusten dauan hoztasunaren eta jentea boto-ontzietara ez hurreratzearen arrazoien inguruan be eztabaidan jardun eben. Orain arte ezagututako datuen arabera, ez dau emoten hauteskunde honeetan boto-emoileen jatsierarik izango danik. Ekitaldian adierazo zanez, “boto-emoileen %40ak erabaki barik dau botoa”.

HOAC

Alderdi-bitasunaren aldia atzean itzi eta alderdi barriak sortu diran sasoi honetan, alkarrizketaren eta hitzarmenen gaia be eztabaidatu eben. Antolatzaileek galdera hau egitera bultzatu ebazan: non ikusten da alkarrizketa jarduera politikoetan eta lan, familia eta gizarte eremuetan. Azkenik, alderdi politiko batean kristau eta militante izatearen inguruan jardun zan.

HOAC

Partaideek jardueraren amaieran azaldu ebenez, alkarrizketa, oso aberasgarria izan zan: “sekulakoa eta atsegingarria askotariko eretxiak batera jartea, alkar entzutea, alkar ezagutu eta alkarregaz eraikitzea”. Nabarmendu ebenez, garrantzitsua da “desbardina autortzea” eta “kristau garala” agerian jartea. Politikoen eta herritarren eredugarritasuna ezinbestekotzat jo zan gogoetetan. Batek baino gehiagok esan ebanez, itxaropentsuago, desbardinen arteko alkarrizkta, hitzarmena eta bategitea posible dala pentsatuz atara zan ekitalditik.