28-03-2024 Jueves, semana - semana santa
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Agus Barandiaran trikitilariak joko dau ‘Jazotakoa jaso’ sarien banaketa
28.03.2023

Agus Barandiaran trikitilariak joko dau ‘Jazotakoa jaso’ sarien banaketa

Datorren barikuz, martxoak 31, 'Jazotakoa jaso' bideoklipen lehiaketako sariak banatuko dira Somorrostro ikastegian. EBI sarean dagozan Eleizbarrutiko ikastetxeek parte hartzen dabe bideoklipen lehiaketan eta VI. ekitaldi honetako jaialdiko gonbidatu nagusia 'Korrontzi' taldeko Agus Barandiaran izango da. Goizeko 11:00etan hasiko dan ekitaldian, On Joseba Segura Bilboko gotzaina izango da buru eta Javier Onaindia Eleizbarrutiko irratietako zuzendariak jardungo dau aurkezle-lanetan. Zuzenean emongo da web orrialde honen bidez eta sareko hamazazpi ikastetxeek parte hartuko dabe. Aurton bideoklipen bidez landu behar izan daben gaia, herri erlijiositatea izan da eta Santa Eulalia Patronatuko ikasleek jasoko dabe bideoklip onenaren saria 'Gure Mentxu!' ikus-entzunezko lanagaitik. 

Datorren barikuz, martxoak 31, ospatuko da ‘Jazotakoa jaso‘ lehiaketaren VI. ekitaldia Somorrostro ikastegian. Ikastegi horretan ikus-entzunezko irakasgaia lantzen diharduen ikasleak arduratuko dira zuzenean emongo dan ekitaldiaren kontu teknikoak koordinatzeaz eta antoalatzeaz. 

Jazotakoa Jaso VI
Javier Onaindia Eleizbarrutiko irratietako zuzendariak aurkeztuko dau saioa. Irudian, atzoko entsegua

Musika, dantza eta jai erlijiosoak izan dira aurtengo bideoklipen gaiaren oinarria. Ana Berrizbeitiak (Heziketa saila), Santiago Larrañagak (BAM Irakasleen Unibertsitate Eskolako zuzendaria) eta Igone Exebarriak (Labayru Fundazinoko zuzendaria) osatutako epaimahaiak bideoklip onenari emon deutsan saria Santurtziko Patronato Santa Eulalia Ikastetxearentzat izan da. Kultur Erakundeen Mahaiaren ordezkari dan epaimahaiaren ustez, “bideoklip didaktikoa da eta, aldi berean, oso ondo landuta dago”. 

‘Jazotakoa jaso’ lehiaketako beste hainbat saritu

Euskeraren erabilera onena dauan bideoklipari emoten jakon saria, Gernikako San Fidel ikastolako ikasleentzat izango da. Bederatzi egunez, boizaldean, Gabonak iragartera ataraten diran `Marijesiak´ dira bideoklipeko protagonistak.

Bermeoko Sagrado Corazón Ikastetxeak egindako `Neska zaharrak´ bideoklipa izan da jentearen gustukoena.

San Felix ikastolak aurkeztutako `Herri txiki abeslari handi´ bideoklipak jasoko dau jakintza-alorrarteko lanik onenaren saria. Ikus-entzunezko lan honetan, Urtuellako herri ohiturarik ospetsuenetakoak jasoten dira. 

Barikuko ekitaldiaren antolaketaz arduratu dan Somorrostro ikastegiak batxilergoko bideokilp onenaren saria jasoko dau izenburu hau dauan lanagaitik: `San Juan jaia: erlijioaren ekarpen kulturalaren sua piztuz”

Otxarkoaga ikastegiak Santiago bidearen Bilboko zatiaren inguruan jarduten dauan bideoklipagaitik jasoko dau saria. Hauxe da gela egonkorrak egin dauan lanaren goiburua: `Por el camino de Otxarkoaga´.

Kostaldera doa bigarren hezkuntzako bideokilp onenaren saria, hain zuzen be, Bermeoko Sagrado Corazón Ikastetxera.  `Parrandan be kantetan´ goiburua dauan lana aurkeztu dabe.

Lehenengo hezkuntzan, epaimahaiaren eretxiz, Muskizeko San Joan ikastetxeak Pedro Llano itsasgizonari buruz egin dauan lana izan da onena.

Markinako Berakruz ikastolako neska-mutikoek be jasoko dabe saria, `Kandelario eta San Blas´ bideoagaitik.

 

Agus Barandiaran trikitilaria

Herri erlijiositateari lotutako musika, dantza eta ohiturak landu dabez aurton bideoklipetan eta guzti horreek ondotxo ezagutzen ditu Agus Barandiaran trikitilari eta Korrontzi taldeko buruak. Bera izango da gonbidatu berezia, Bilboko gotzaina buru dala datorren barikuko 11:00etatik aurrera ospatuko dan ekitaldian.

https://www.youtube.com/watch?v=Gr8IB2npwv4

Kultur Erakundeen Mahaiak antolatutako VI. ekitaldia

Kultur Erakundeen Bilboko Eleizbarrutiko Mahaiak orain dala sei urte jarri eban martxan bideoklipen lehiakea Eleizbarrutiko 17 ikastetxeetan. Kerman Lopez bikario nagusia buru dauan talde honetako erakundeek batera aurkezten dauzan ekitaldietako bat da. 

Mahaiak sustatuta, komunikazinoari buruzko ekitaldia ospatuko da Gizarte Komunikabideen Egunaren, inguruan, datorren maiatzaren 31an. ‘Bihotzaz hitz egin” aita santuak egun honetarako proposatutako goiburuan oinarrituko dan jardunaldiaren bidez, edukien barri emoteko eren eraldaketan murgiltzea eragin gura da, adimen artifiziala lako aldagaiak kontuan hartuta.

El alumnado del CF Somorrostro en el ensayo que hicieron ayer