06-02-2026 Viernes, IV semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Esku Elkartuak erakundeak “goseari aurre egin” gura deutso
06.02.2026

Esku Elkartuak erakundeak “goseari aurre egin” gura deutso

Esku Elkartuak datorren domekaz, otsailak 8, ospatuko dau urteko kanpaina eta gaur, ohikoa danez, borondatezko bataua egitea proposatu dau. "Goseari aurre egin" goiburua aukeratu da aurtengo ekitaldirako eta On Joseba Segura gotzainak azaldu dauanez, ""Goseari aurre egin". Goiburu hori proposatu deusku Esku Elkartuak erakundeak 2026rako. Ez da leloa, asmo-adierazpena da, eta baita erantzukizunezkoa be". Malawiko Paul chitende karmeldar oinutsak lekukotasuna emongo dau eleizbarrutiko hainbat lekutan.

Gotzainaren esanetan, otsailaren 6a, borondatezko barau-eguna eta otsailaren 7 eta 8a, kanpaina-egunak,  “hitzetatik egiteetara igarotzeko uneak dira. Alkartasun-zeinu bakotxak -dirua, boluntario-lana, sentiberatasuna biztea- benetako bizitzak aldatzen dabezan benetako egitasmoak finantzatzen ditu. Gosea ez da-eta zoritxar saihestezina, fenomeno atmosferikoen antzekoa. Gosea eragiten daben arrazoiak dagoz, esate baterako, indarkeria, bidebakokeria, ondasunen bidebako banaketa, ardurabakotasuna. Eta arrazoi jakin batzuen ondorio danari aurre egin geinkeo”.


Taldea egin

18 urtez erakundeko kide -boluntario, kontseilu-kide eta diruzain- izan ondoren, joan dan irailetik aurrera Patxi Lupiola da Esku Elkartuak erakundeko Bizkaiko ordezkari.

“Alkarren Barri/Comunicación” aldizkariaren otsaileko alean berari egindako alkarrizketa irakurri daiteke. Lupiolak autortu dauanez, bera, 25 boluntariok eta kontratatutako lagun batek osotzen daben taldean, “boluntario” bat da. Patxiren ustez, taldea egiteko ezinbesteko dira batasuna eta alkar ezagutzea. “Urteko kanpaina nagusiaren aurrean nabaritzen da gehien presino hori”. 


Azaldu dauanez, “barau-eguna geure burua kontzientziatzeko da. Kafe bat hartzeari uko egin, diru hori hartu eta konfiantzazko GKE bati emoten badeutsazu, kafe horrek, adibidez, ume bat eskolara joan daiten balioko dau. Zoragarria! Horretaz konturatu behar dogu. Kanpainan bere lekukotasuna emongo dauan Malawiko misiolariak esan deustanez, bere herrialdean gitxieneko soldata hilean 63 eurotakoa da. Hemengo 50 eurokaz hango familia batek hilabete osoa igarotzen dauala kontuan hartuta, handia da errentagarritasuna”.


Aita Paul Chitenderen lekukotasuna

Esku Elkartuak erakundeak sustatutako munduko gosearen aurkako kanpainaren barruan, aurton Paul Chitende Malawiko karmeldar oinutsak lekukotasuna emon dau eleizbarrutian.

2010ean ekin eutson heziketa eta eskeintza ezaugarritzat izan dituan ibilbide erlijiosoari. Filosofia eta teologia ikasi eta nobizio-aldia bizi ondoren, betiko profesa egin eban 2018an. Urtebetera, 2019an, abade egin zan. Gaur egun, Santutxuko komunitatean bizi da.